viernes, 31 de octubre de 2014

GAU BELTZA, HALLOWEEN EUSKALDUNA

Domusantu eguna, saindu guztien eguna azaroaren 1a izan da kristautasunaren berri daukagunetik. Azaroaren gauba beltz hauetan hildako guztiak edo bere ezpirituak ateratzen diren gauak  dira. Bi munduak banatzen dituen marra, izpiritu onen eta gaiztoen arteko marra dira gau beltzak.
 2a, ordea, arimen , anglosaxoien Halloween eta bai katolikoen “hilen eguna”. Biak ala biak gau eta egun beltzak izan ditugu gure Euskal Herri honetan:

Gaur egungo gazteek Estatu Batuetatik etorritako  "trikimailua ala tratua" izeneko ohitura irlandarra ezagutzen dute hobeto. Izan ere, mundu osoan  zehar telebistari esker zabaldu den ekintza eta egunak dira. 
Baina, ezetz jakin gure arbasoek bazutela egun horiek ospatzeko era berezia?  Gure nagusiei galdetuta, ondorengo bideotxoan ikusi eta entzun dezakezuenez, gaztaroan zulatutako kalabazetan kandelak jartzen zituztela  kontatu digute. Toki batzuetan mozorraturik ateratzen ziren arima penatuen gisan, eta beste batzuetan bihurrikerietan herriko jendea beldurtzen ari ziren, argirik gabeko kaleetan, zulatutako eta hustutako kalabera itxurako kalabazatzarra eskuetan zerabiltela. 

 
Bestela, irakurri Oier Araolazak  Dantza.com orrialdean idatzi duena.
http://www.dantzan.com/kidea/oier/halloween-euskal-festa-bat-da-iii-kalabaza-hustutzen
 Eibar.org izeneko orrialdean ere garai bateko azaroaren 1a inguruan ateratako argazkiak ikusi ditugu. Begira zein itxura zuten.....Ez dugu, ez, amerikarren zelorik!!!!

BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAN

DBH 2 mailako ikasleak Bilboko Arte Ederren museoa bisitatzera joan dira aste honetan.  A eta B taldeak astelehenean joan ziren,   C eta D asteazkenean, eta E eta F ostegunean. Bilduma iraunkorraz gain  hiperrealismoari buruzko erakusketa ikusteko asmoa ere izan dute.
Ikusgarria benetan,  margolanak baino, argazkiak dirudite.  Begira, begira!  "




MENDI TALDEA, GORBEIAN

Joan den igandean, urriaren 26an, Arrigorriaga BHI mendizale taldekoak Gorbeiara joan ginen egun ederra pasatzeko asmoz. Goizeko bederatziak hamar gutxitan hartu genuen autobusa, Muruarantz abiatzeko.
Eguraldi ederrari eskerrak gorantzako bideari ekin genion. Alde batetik paisaia zoragarria genuenbestetik Bilboko itsasadarra eta Gasteiz hirugarrenetik; azkenik, lortu genuen gailurreraino igotzea; izan ere, eguerdiko ordu baterako han ginen, Gorbeiako gailurrean, gurutzean.
Gainera, “belar-eskia” ere egin genuen eta nola ez! argazki politak ere atera genituen.
Arratsaldeko bost eta erdietarako bageunden Arrigorriagan bueltako bidea eginda.

Beñat Elorrieta ( Mendi taldeko kidea)

jueves, 23 de octubre de 2014

NAROA BEJARANO, IRRISTAKETAN ONA!


Arrigorriagako institutuan ikasten duen Naroa Bejaranok bere denborako zati bat eskainiko digu, gurpil gaineko irristaketan (patinajean) aritzen delako, eta zurrumurruen arabera Euskadiko txapelduna dugu kirol horretan. Gaur egiaztatuko dugu hori egia den .

 - Zenbat urte daramazu patinajea egiten? 
Sei urte daramatzat patinajea egiten. Telebistan ikusten nuen jendea patinajea egiten eta gustatu zitzaidanez frogatzea erabaki nuen Arrigorriagakotaldean.

-Zergatik gustatzen zaizu hainbeste patinatzea? 
Dibertigarria iruditzen zaidalako, lagunak egiten ditudalako eta kirola egiten dudalako.

-Zenbat aldiz joan zara Euskadiko txapelketetara? Txapelketara joateko proba batzuk egin behar izan nituen, trebetasun maila batzuk pasatu. Hiru aldiz joan naiz Euskadiko Txapelketara bi aldiz geratu naiz hirugarren , eta bakarrik batean geratu naiz bigarren.

-Beste txapelketa garrantzitsuren batera joan zara? Madrileko txapelketara joan nintzen behin.

-Inoiz pentsatu duzu patinajea uztea ala zure ustez patinajeaz bizi daiteke?
Urte batez patinajea egiteari utzi nion aspertzen nintzelako, baina erabaki horretaz damutu egin nintzenez berriro itzuli nintzen. Joan den urteko udako oporretan utzi nion, baina opor tarte horretan, besterik ez.

-Zenbat trofeo irabazi dituzu guztira?
Hogei bat trofeo irabazi ditut iadanik: Santanderreko txapelketako bat, Ugaoko txapelketako beste bat, Asturiaseko bat, Barakaldon, Leioan, Bizkaiko… eta hainbat lekutako txapelketak  irabazi ditut. Harro nago nire palmaresaz.

-Zenbat urte zenituen  entrenatzen hasi zinenean? Non hasi zinen?, eta orain jarraitzen duzu? hasi zinen lekuan edo aldatu zara?
Zazpi urterekin Arrigorriagan hasi nintzen, txikia nintzenean. Nire lehenengo entrenamenduak ez zitzaizkidan batere gogorrak iruditu. Urteak pasatzen ziren bitartean, ba, tokiz aldatzea erabaki nuen eta Ugaoko patinaje taldera joan nintzen. Oraindik Ugaon jarraitzen dut patinajea egiten.

-Zenbat ordu ematen dituzu entrenatzen?
4:30 ordu eman behar ditut guztira astean zehar entrenatzen, baina gehienetan ez ditut entrenamenduak izaten; izan ere, entrenatzailea Bartzelonan jaiotakoa denez, askotan familiari bizita bat egitera joaten da.

-Esperantzarik baduzu inoiz irristaketan famatua izateko ?
Ez, ez dut uste irristaketako pertsona famatua izango naizenik eta lan gogorra egin behar delako profesionala izatera heltzeko. Nagusia naizenean, ordea, patinajeko entrenatzailea izatea gustatuko litzaidake.

-Zelako txapelketetan parte hartzen dituzu bakarrik edo taldeka? Zein duzu gustukoen?
Parte hartu ditudan torneo guztiak bakarrekoak izan dira, nik gogoratzen dudanez ez dut inoiz taldeko txapelketa batean parte hartu. Nire gustokoena zein den..., bada, bakarrekoa ze taldekoan zure taldekide batek akatsen bat bat izaten badu taldeko puntuaketaneragin handia izaten du; bakarrekoan, berriz, ez.

-Zenbat balio izan dizu lehiaketa baterako maiotak?
150€-tik gora balio du lehiaketa bateko maiotak, normalean oso garestiak izaten dira.

-Zure patinaje taldeko partaideren batek inoiz  irabazi du txapelketa garrantzitsuren bat?
Bai, Anderek, Ugaoko lagun batek. Bigarren geratu zen Euskadiko txapelketan.

-Beste kirolen bat egin duzu patinajearen aurretik edo patinajearekin batera?
Bai, futbolean aritu izan naiz; igeriketan eta taekwondon ere ibilia izan naiz.

-Kalean lagunekin zaudenean zer egiten duzu? zure lagunen arteko harremana ona ala txarra da?
Buelta bat emon, txutxeak erosi eta parkeko eserlekuren batean mugikorrarekin egotea(jajaja). Nire lagunekiko harremana oso ona da.

-Ikasketak, zure ustez, zer nolako garrantzia dute?
Ez ditut ikasketak gogoko, nire ustez ez dute ezertarako balio.

-Zein  animalia duzu gustuko? Zeintzuk dira hori aukeratzeko arrazoiak.
Txakurrak ditut gustuko. Etxean txakur bat daukat. Askotan oso maitagarriak eta lagungarriak dira txarto zaudenean morala altxaten dizutelako. Jende askok esaten duen moduan, "gizakiaren lagunik onena, txakurra"

-Udan zein lekutara joaten zara  oporretan? Horretaz aparte nora joango zinateke nagusia zarenean?
Udan Madrilera edo Cambrilsera joaten naiz, gurasoekin eta ahizparekin. Afrikara joatea gustatuko litzaidake, hango tribuak eta animaliekin egoteko; baita hango tokitan nolako bizimodua izaten duten jakiteko ere.

-Zer moduz daramatzazu ikasketak?
Ez zaizkit gustatzen, ez naiz batere ikasle fina.
.-Zein da zure ametsik handiena?
Ez dut ametsik bizitza honetan, baina Irene Aurrekoetxea bezalakoa izatea gustatuko litzaidake.

-Nagusia zarenen zer izan nahi duzu?
Nagusia naizenean masajista izatea gustatuko litzaidake, bizkarreko masajeak, eskuetakoak eta hainbat masaje estilo jendeari emateko.

2013ko Euskadiko txapelketako Andere Egiluzen irudiak dituzue segidan. Kirol ederra izateaz gain, egiten dituzten pirueta eta ariketek ez dirudite batere errazak, zorragarriak bai, ostera!!!!



Mikel Fuentes eta Leire Luque ( prentsa tailerra)

martes, 14 de octubre de 2014

MARMAR IRRATIA MARTXAN JARTZEKO PREST


Badira 15 urte gure Arrigorriagako ikastetxeko ateak inguruko herrietako ikasleentzat zabaldu zirela. Era berean, IRRATIA izeneko aukerakoa 2DBHko ikasleekin jarri zen martxan. Urteetan Felix Bilbao izan dugu horren arduraduna, baina iaztik arazoak somatzen hasi ginen, ezin baitzen emisora dagoen gelan edozein momentutan sartu, 4. mailako gela arruntetik pasatu behar delako. Hori dela eta bertan behera utzi genuen aukerakoa, nahiz eta beste bide batzuk jorratzen hasi ginen hasiera batean.

Hala ere, gurean badauzkagu irratia biziki maite duten ikasleak; izan ere, irratigintzaz jakin behar dena jakiteko ikastaroa egiten ibili zaizkigu 4.DBHn dauden pare bat ikasle, eta nola ez Xabi Aresti, uhinen artean ederto moldatzen den ikaslea, haietariko bat dugu. 

Aurreko kurtso bukaeran piztu zitzaien ideia: hemen dagoen tresneriaz baliaturik ( emisora batez ere) GAZTE entzuleei bideratuta, musikaz edota zentroan suertatzen diren berriez hornitzen den MAR-MAR izeneko irratia martxan jartzea. Hobeto uler dezazuen, segidan duzue hirukoteak (Sarak, Mikelek eta Xabik)zer adierazi digun egin diogun elkarrizketan.



Ondo adierazten duten moduan web orrialdea eta sintonia ere sortu dituzte. çbota begirada eta haiek proposatutako ekintzetan parte hartu!!! Animatu!!
www.marmarirratia.url.ph

AITOR PAREDES, ATHLETIKEN

Aitor Paredes,mutiko gazte eta sendoa gurean dabil ikasten, eta badakizue zer?... Athletikek du fitxaturik gaztetxuen taldean. Hartu ondo kontu, ze, batek daki, urte batzuk barru hor izan genezake telebista guztietan baloiaren atzetik kamiseta zuri-gorria aldean.

-Txikitatik jakin duzu futbolean nahi zenuela egin? 
Ez, nire amak proposatu zidan futbolean jolastea, eta nire lagunekin egiteko zenez, baietz esan nuen.

-Nola hasi zinen?
Oso lotsagarria izan zen, nire lagun guztiak Athletic kamiseta jantzita eta ni kamiseta laranjarekin.Ah! Ze lotsa!

-Zenbat urterekin hasi zinen futbolean jolasten?
6 urterekin hasi nintzen, igande batez.

-Zein taldetan?
Arrigorriagako Etorkizun futbol eskolan. 

-Zenbat urterekin jolastu zenuen zure lehenengo partidua?
8 urterekin izan zen lehenengo partidua eta oso ondo jolastu nuen Laudioko futbol taldearen kontra.

-Nola iritsi zara Athletiken egotera? Zein da egin duzun ibilbidea?
Etorkizunean 4 urtez egon nintzen eta 10 urterekin Athletickera joan nintzen alebinetan.

-Zein posizioan jolasten duzu?
Zentral moduan jolasten dut, defentsa lanetan.

-Aldatuko zenuke? Ez, egia esan defendatzea gustatzen zait.

-Zeintzuk dira posizio batean edo bestean jolasteko abantailak edo kontrakotasuna? 
Kontrakotasuna gol gutxi sartzen dituzula, baina beno, sartzen ez ditudan golak defendatzen ditut.Bada zerbait, behintzat!

-Lagunen bat duzu taldean?
Bai, taldekide guztiak lagunak dira, nahiz eta Arrigorriagakoak ez izan.

-Nagusitzean...Zer espero duzu?
Athleticko lehen taldera ailegatzea, guztiok bezala.

-Zeintzuk dira zure asmoak?
Ahal bada futbolean jolasten segitzea.Ikasketak? Beti inportantea da ikasketak izatea, oso zaila delako futbolean bizimodua ateratzea.

-Zorte oneko gauzaren bat (talisman) baduzu hobeto jolasteko? Zer? 
Beti nire gauzak ordenatuta izatea da, hori da nire mania.

-Nor da zure futbol jokalaririk gustukoena?
Ez dut gustuko dela esatea Athletickoa ez delako, baina Sergio Ramos da, bikaina jokalaria,Real Madridekoa bada ere.

-Eta,neskak?Asko ligatzen duzu Athletickean egoteagatik?
Ez, Athletickean egoteak ez du zer ikusirik oraindik.

-Laguntzen du horrek nesken artean arrakasta izaten ala beste ezaugarrien batzuk landu behar dira? Zeintzuk? 
Ez zait gustatzen horretaz harrokeriaz agertzea, ahal badut ez dut esaten Athletickean nagoela. Naizen modukoa izatea gustatzen zait.

-Kontatu zure eguneko bizitza nolakoa den.
Institutoa, futbola. Futbola, etxeko lanak eta gero ohera gutxi gorabehera.

-Ikasketak? Nola zoaz klasean?
Momentuz, ondo.

-Futbolak denbora asko kentzen dizu ikasteko edo lagunekin egoteko? 
Bai, denbora asko kentzen dit baina saiatzen naiz ondo organizatzen.

-Bestelako arduraren bat badaukazu? 
Bai, orain ostiraletan ingelesa ikastera joaten naiz. Nire ustez ingelesa oso inportantea delako. Eta, igandeetan entrenatzaile lanetan nabil Etorkizun futbol eskolan ume eta neskato txikiekin.

Hau izan da guztia. Eskerrik asko eta laster arte.
Asier Esteban& Olaia Martin ( Prentsa tailerra)

TIPI-TAPA, TIPI-TAPOI!


Ikastetxeko sarrera ikusi duzue? Zelako tapoi mordoa, ezta?!!
Ba, askoz gehiago ditugu gordeta; halako bi. Eta, zertarako?

Bost urteko ume bati laguntzeko da, nahiko gaixo dago eta. Guk bildutako tapoiak Bilboplastik enpresara eramango dituzte, eta enpresak familiari dirua emango dio, gero familiak umea ondo zaindu dezan (tratamentu egokia, botikak...). Eta, jakina, zenbat eta gehiago bildu, orduan eta laguntza handiagoa familiari.

Zelan lagundu?
Zuek nahi izanez gero, geletan kutxa txiki bat jarriko dugu, etxetik ekarritako tapoiak bertan bildu ditzazuen. Kutxa hori betetakoan, sarreran dagoen ontzi handian hustuko dugu, eta, azkenik, ontzi handi hori betetzen denean, biltegian gordeko ditugu tapoi horiek guztiak.

Ikasturte honetako helburua, bi furgoneta handi tapoiz betetzea da; ea lortzen dugun!!!!!

TIPI-TAPA
TIPI-TAPOI!!!!

domingo, 12 de octubre de 2014

AITZIBER ARRUABARRENA, MUSIKA IRAKASLEA


Arrigorriagako Institutuko musika klaseak ematen dituen irakasleari, AITZIBER ARRUABARRENAri ,egingo diogu gaurkoan elkarrizketa.



-Kontatuko diguzu zure gazteko ikasketaz, ze eskolatan ikasi zenuen, zer nolako ikaslea zinen? Zein arlotan zinen ona?

Bai, Lauro Ikastolan ikasi nuen, Loiun. Ikasle ona eta formala nintzen eta arlo guztiak ondo ateratzen  nituen.

-Gaztetan,beti  nahi izan zenuen irakaslea izan? 
Ez, banekien zer ikasi nahi nuen Arte Ederrak eta Musika ikasi nahi nituen, baina ez nekiena zen zein ogibide izango nuen.

-Zenbat urterekin hasi zenituen ikasketak? Zenbat urte daramatzazu musikako klaseak ematen eta non?  
Zazpi urterekin hasi nituen ikasketak, goiz hasi behar da eta. 18 urte daramatzat klaseak ematen. Bilbon egon naiz, Basaurin, urte bat Iruñean, Zornotzan eta hau 3. kurtsoa Arrigorriagan. Oso pozik nago hemen.

-Baduzu musikaz aparteko afiziorik? zertan zara ona?
Bai, beste zaletasun batzuk ere baditut korrika egitea asko gustatzen zait eta ona naiz pianoa jotzen.

-Instrumenturen bat jotzen duzu? Zein? Non ikasi zenuen jotzen?
Bai, pianoa jotzen dut, esan dizuedan bezala. Bilboko kontserbatorian ikasi nuen jotzen eta Bartzelonan ere egin nituen ikasketak.

-Musikaz aparte beste arloren bat ematen duzu? Zein?
Bai, askotan eman ditut beste arlo batzuk; gehienetan, Plastika eta Gizarte ere eman izan  ditut.

-Inoiz  izan zara zuzendaritza karguren batean? 
Ez, inoiz ere ez, beti izan naiz irakasle.

-Gustura zabiltza gure zentruan? 
Bai, oso gustura nabil Arrigorriagako zentruan, oso jende majua dago eta oso ondo tratatzen naute.

-Orkestra batean jo duzu inoiz? 
Ez, pianojotzailea naizenez, orkestretan ez da pianoa erabiltzen eta normalean bikoteka jo izan dut. Aspaldian utzi nion, egia esan.

-Irakaskuntzari dagokionez, zer nolako ikasleak dituzu? Beti izan dituzu halakoak ala egoera zeharo aldatu da? Kontaiguzu zure iritzia. 
Denetarik dago, ikasle arduratsuak eta ardura gutxiagokoak; baina, normalean oso majuak izan dira eta dira izan ditudan ikasleak. Batzuetan lan egitea kostatzen zaiela da arazo bakarra.

-Gure klaseetan, tresna gehiago joko ditugu txirulaz aparte? Zeintzuk? Beharbada bai, gelan dauden horiek: xilofonoa eta triangelua, adibidez.



 Eskerrik asko guztiagatik.

Ibon Gonzalez & Irene Aurrekoetxea (Prentsa tailerra)


miércoles, 8 de octubre de 2014

DANTZA IKASTAROA ARRIGORRIAGAN

Joan den astean ondoko mezua iritsi zitzaigun Arrigorriagako gaztegunetik, dantza modernoaren tailerra jarriko dela martxan urrian hasita abendura arte. Parte hartu nahi duzuenok, epeei begiraturik berandu samar bazabiltzate ere, seguru gustura baino gusturago hartuko zaituztela gorputzeko giharrak graziaz eta dohaiez mugitzen ikas dezazun. 

Ondoko irudian duzue nahi adina informazio. Animatu eta zoazte korrika izena ematera!!!

domingo, 5 de octubre de 2014

HONDAKINETATIK, ONGARRIA!!

Orain dela pare bat urte hasi ziren berakatza baino finago "BARATXURIAK" ortu ekologikoa daramaten kideak eta laguntzaileak jantokiko hondakin ekologikoak prozesatzen. Hasieran arazotxoak izan zituzten konposta egin beharreko kutxak ez zuelako "bizirik" irauten. Arrazoiak arrazoi, bigarren urtean, zientzia mintegiko irakasleen eta Agenda 21eko arduradunaren laguntza preziatuaz lortu zuten bide onetik jotea. Ikasturte honetan, jada, badaukagu ahalegin horren emaitza: KONPOSTA, bideotxoan ikus daitekeenez

                                

Jarraitzeko asmoa dago,aurten ere. Ea ditxosozko kokoak ez dituen gure landareak jaten eta aza eta tomate ederrak ateratzen zaizkigun!!! lurra behintzat prest dago halako  mamorro txikirik gabe.



Ortuaren urteko aurrera pausuak zeintzuk diren jakin nahi izanez gero, BARATXURIAK izeneko blogean jarrai ditzakezue.