viernes, 17 de febrero de 2012

TXIRRINDULARITZAREN AULA PEDAGOGIKOA DERION

Orain dela aste pare batzuk 1DBHko ikasleak Derion dagoen Txirrindularitzaren aula pedagogikoan egon ziren. Han, Euskaltel Euskadi taldeko egoitza nagusian, txirrindula baten atal guztiak erakutsi ez ezik,  trirrindulariaren arropa egokiaren garrantziaz eta bide hezkuntzaz ere mintzatu zitzaien. Beranduago, zulaketa tailerrean aritu ziren, modu praktikoan gurpil baten zulaketa zelan konpondu ikasteko. Amaieran onena etorri zitzaien: bizikleta bana hartuta inguruko errepideetatik taldeka ibilbidea egitea.



Ikasleen gozamen aurpegiak ikus ditzazuen, prestatu dugun ondoko bideotxoko argazkiei begiratu!!

miércoles, 15 de febrero de 2012

INAUTERIAK 2012

Hotzak ez gaitu kikilduko, ez horixe!! Inguruko herri eta auzuneetan, nonahi, izango dira parrandak, afariak eta barre algarak. Baten eta bestearen trajeak, mozorroak, disfrazak eta enparauak sortuko duen giroa sekulakoa izango da. Denetarik ikusiko dugu: batzuk animaliaz jantziko dira eta beste batzuk barruan gorderik duten bigarren aurpegia aterako dute kalerik kale, ordurarte egiten ausartu ez direnak esan eta egitera.  Gizartean gertatutako azken berrien gaiak izaten dira maiz nahiko motibo janzkeraren aztarnak emateko. Zenbat errege eta suhi aurkituko ditugu aurten bazterretan? Zenbat artazidun langile ohi? Zenbat bankari lukurreru? Bestela, betiko gaiei eutsiko diete: bakero, pirata, printsesa, abade, moja edo goitik behera mendaturiko gaixoa. Ea, ea, piztu imajinazioa! Zain egongo gara gure institutuko ikasleek zein traza hartuko duten. Bidali mozorrotuta egindako argazkiak helbide honetara : prentsa@arrigorriagabhi.net.



Inguruko herrietako inauterietako kartelak utziko dizkizuet, badaezpada, batera joan beharrean beste batera joatea erabakitzen duzuen!!!! Ugaon, Arrankun eta Zaratamon ez dakigu kartelik atera duten; haien web orrialdeetan egitaraua agertzen bada ere, irudirik ez dago, guk behintzat ez dugu ikusi. Baten batek lortzen baditu, bidal diezazkigula.

                                   






                            

lunes, 13 de febrero de 2012

ELURRA MARA-MARA


Joan den astean agertu zen gure artean tenperatura hotzekin batera. Etxeetako teilatuak eta inguruetako berdeguneak den-denak zuriz jantzi dira. Ah! Zein zoragarria! Horrenbesko hotzik egingo ez balu! Inguruen ederra zenbaterainokoa den ikus dezazuen institutuaren ondotik Unai Zabaletak ateratako argazkiak utziko dizkizuegu:   
                                    


sábado, 4 de febrero de 2012

IMANOL CASAN PIANO JOTZAILEA


Batxilergoan dabilen ikasleetako bat dugu Imanol Casan Gonzalez, baina ez da nolanahiko ikaslea, ez. Horretan ere berezia, aparta. Kontuak atera! batxiler musikala egiten ari da! Eta, zer dela eta dakargu hona? bada, seguruenik jakinaren gainean zaudete, bai sekulako saria lortu du txikitatik duen pasioari eutsita: EOI (Euskadiko ikasleen orkestran) piano jotzaile plaza lortu du.


Ugaon  orain dela 17 urte jaiotakoa dugu. Gazterik erakutsi zuen musikarako zaletasuna, 4 urterekin hasi baitzen musika klaseak hartzen; beranduago, sei bat urterekin, pianoa jotzeari ekin zion, 12 urterekin Kontserbatorioan sartzeko proba gainditu zuen arte. Harrezkero ez du etenik izan, gogor aritu baita, jo eta jo, lortu duen saria irabazi arte. Atzean lana besterik ez dago. Berak dioen bezala dena da organizatzea, plana egitea, egunaren 24 orduak, ondo taiutuz gero, askotarako ematen baitute.
Hala ere, institutuko ikasketak eta pianoarenak bateratzea ez zaio erraza egiten, ordu asko ematen dituelako ikasten, nahiz eta gustura egiten duena izan. Kontuak atera, institutuan sartzen dituen orduez aparte, kontserbatorioan astean 8 ordu gehitu behar dizkio eta, gutxi balitz, etxean egunean 3 ordu gehiago    tresnari txinpartak ateratzen.
Iaz Euskadiko piano jotzaileen gazteen arteko lehiaketan, hogeita hamar parte hartzaileen artean, bigarren tokian geratu bazen ere, aurten Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) piano jotzaile zegoen plaza bakarra lortu du. Benetan lorpen handia eta zaila izan da, orain arte ez delako orkestra horretan piano jotzailerik izan, jotzeko zituzten musika-lanek, gutxi izanik, ez zuten pianoa soinua sartzen. Aurrerantzean, argi dago, Imanolen eskuetako atzamarren eraginez ateratako melodiekin gozatuko dugula. 
Laster Kolonbiara aste beterako joango zaigu Euskadiko Gazteen Orkestra, interprete gaztea piano jotzaile dutela, hango Bogotako Gazte Orkestrarekin batera jotzeko.

Nahikoa ez horrekin guztiarekin eta Ugaoko abesbatzeko (SAREA) piano jotzailea ere badugu.

Ea zer deritzozuen ondorengo bideoan ikusiko duzuena. Nik uste, luze barik, izen handikoen artean ikusiko dugula: Arthur Rubinstein,Vladimir Horowitz, Wilhelm Kempff, Alexis Weissenberg...Imanol Casan!!!!!

OTSAIL HASIERAN, SANTU DANTZA

Urtarrila joan zaigu, ia-ia enteratu gabe; otsailean hasiaz batera santutegiko bi izen datozkigu gogora: San Blas eta Santa Ageda. 
San Blas eguna otsailaren 3an izaten da, Kandelariaren ondorengo eguna. Gure artean,  gaur egun ia desagertzear badago ere, oraindik  kristautasunari loturiko festa eta tradizioak  bizirik dirau. Nork ez dio  Bilboko San Nikolas elizaren inguruan dauden saltzaileetako bati inoiz edo behin saman jartzeko kordoien bat erosi? Nork ez ditu zuriz estaliriko erroskilak edo San Blas opila jan? Seguruenik bedeinkatutakoak izango dira urte osorako eztarriko minik ager ez dakigun. Edo, nor ez da Abadinotik agertu hain egun seinalatuan?
Baina, badakizue nor izan zen San Blas santua? Hona hemen sarean nabigatuz aurkitu duguna:
bergarakoeuskara.net
"Eztarriko gaixotasunen eta laringologoen  patroia aberatsa eta noblea zen familia batean jaio zen. Kristaua izanik, gazterik apezpiku izendatu zuten Armeniako Sebaste herrian. Medikua ere izan zen. Jaungoikoaren deiari kasu eginik, Argeus mendira erretiratu zen ermitaño bizitza eramatekotan, hara inguratzen zitzaizkion piztiekin batera biziz eta gaixo zihoazei osatzen lagunduz.
San Blas  ezaguna zen osatzeko gaitasun mirakulutsua izateagatik. Behin, arrain hezur batez itotzear zegoen mutiko bati lagundu zion. Pasadizo horretatik dator eztarriak egun seinalatu honetan bedeinkatzearena. Agrikola izeneko Kapadoziako gorbenadorearen persekuzio garaiak ziren haietan, jokoak egiteko animalia faltan zeudela eta, Argeusko basoan aurkituko zituztelakoan, San Blas kristauaz, koba barruan errezoan ari zela, egin zuten topo, koba aurrea animalia eta piztiaz inguraturik zuela. Preso eramanda, Agrikola gobernadorea kristau fedeari uko egin ziezaion alferrik aritu ondoren, laku baten uretara bota zuen ito zedin, baina santuak ur gainean zutik egotea lortu zuen. Atzetik segika zituenak berak egiten zuena egitera gonbidatu  zituen, haien jainkoen boterea proba zezaten; itotzea besterik ez zuten lortu. Hala ere, lurreratzean, santua berriz preso hartu ondoren torturatu eta gero burua moztu zioten.

Santa Ageda: Urtero bezala, otsailaren 5ean, gure herri guztietan Santa Ageda eguna ospatzen dugu. Nahiz eta Euskal Herrian XIV. mendean Santa Agedarenganako debozioa hasi, istorio zahar batean dauka jatorria. 
"Hirugarren mendean, Siziliako praetor bat, Quintianus deitzen zena, Ageda izeneko neska gazte batekin maitemindu zen. Baina neska kristaua zen eta ez zion kristautasunari uko egin nahi. Orduan, Quintianusek bere onetik aterata, Santa Ageda torturatu egin zuen, eta bularrak moztu zizkion."

 Harrezkero, herri tradizioan, bularreko gaitzen eta, orokorrean,  emukumezkoen gaitzen babesle gisa agertzen da gehien bat. Santiago bidetik etorri zen jendeak ekarri zuen, XIV. mendean, Santa Agedarenganako debozioa Euskal Herrira. Jai honetako gauzarik bereziena koplak eta bertsoak dira.  Arratiako haranean hasi baziren ere, gaur egun herri guztietan ospatzen da. Abestien testuak aldatzen dira, baina beti Santa Agedaren bizitzari buruz hitz egiten dute. Eskeko klopak, ordea, leku guztietan berdinak izaten dira. 
                                                     Agate Deunaren abestia 
                                                Aintzaldun daigun agate deuna 
                                                Bihar da, ba, deun agate 
                                                Etxe honetan zorion hutsa 
                                                Betiko euko al dabe. 
                                                Zeru goi-goian eder izarra 
                                                Errekaldean lizarra 

                                                Etxe hontako nagusi jaunak 
                                                Urregorrizko bizarra. 
                                                Santa Ageda bezpera dogu 
                                                Euskal Herriko eguna 
                                                Etxe guztiak kantuz pozteko 
                                                Aukeratua doguna. 
                                                Etxeko andre bihotz zabala 
                                                Toki honeko alaba 
                                                Eskean gatoz ondo jakinik 
                                                Esku zabala zareala.               
                                                                           (www.urbibasauri.org-etik hartuta)
Bezpera izaten da , otsailak 4, koplak kantatzen etxez etxe ibiltzeko eguna. Gaur egun eskoletako umeak, abesbatzak eta beste hainbat elkartekoak ari diren arren, tradizioz kintoak, soldaduskara joateko ziren gazteak, ziren abesten zutenak bruxa soinean eta makila eskuetan.

Galadakaoko Andra Mari taldekoek aspalditik heltzen diote kantatzeko ohiturari ondoko bideoan ikus dezakezunez.


Arrigorriagan zelan kantatzen den ikus dezazuen, youtuben Joseba izeneko batek hartutako bideotxoa utziko dizuet. Eskerrik asko, Joseba!!!!