martes, 23 de mayo de 2017

BRETOIAK HEMEN





Urtero bezala, eta 14. urtea izan da, Diwan Institutuko ikasle batzuk, 22 ikasle hain zuen ere, gure institutuan izan ditugu maiatzaren 2tik 11ra bitarteko egunetan. Ikasle horiekin hiru irakasle etorri dira Fatiah, Yannil eta Ewan. Bitxikeria modura esango dizuegu, Yannil ikaslea zenean (2005ean edo) Arrigorriagan egon zela trukean parte hartu zuelako.





Arrigorriagara maiatzaren 2an heldu ziren, iluntzeko bederatziak aldera eta bai gure ikasleak, bai haien gurasoak han zeuden zain. Gure ikasleak oso urduri zeuden, baina, heldu zirenean, elkar ezagutzen zutenez, arazorik gabe, bakoitza bere trukeko ikaslearekin  elkartu eta etxeetara abiatu ziren. Javi Gonzalez eta Mari Carmen Alonso irakasleek Bretainiako irakasleak afaltzera eramateko ardura hartu zuten. 


Hurrengo egunean,  bretoiak Javirekin Bizkaiko Zubia ikustera joan ziren. Getxora heldu eta igogailuz igo ziren goiko pasabidera. Itzulerako bidea transbordadorez egin zuten. Azkeneko urteetan gustuko izan dutenez irteera hori, aurten ere egitea pentsatu dugu; ez dira damutu.

Asteburuan zehar gure ikasleen etxeetan egon dira eta familia bakoitzak antolatu ditu asteburuko ekintza propioak. Badakigu ikasle bretoi bat gaixotu zela eta bai bera, bai berarekin zegoena oso asteburu "dibertigarria" pasatu zutela etxetik atera gabe. Eskerrak ez  zen gauza larria izan eta astelehenean kalean izan genituen biak ala biak.

Astelehenean, maiatzaren 8an, egun osoko irteera egin zuten Gernika, Bakio eta Gaztelugatxeko San Joanera Janire irakaslearen laguntzaz. Baserri bat ere bisitatu  zuten gure ikasleekin batera, itzezlezko eguraldiak lagun Gure ikasle batzuek ikusitako parajeei buruzko  azalpentxoak eman zizkieten. Irteera hau ere urtero egiten dugu gustatzen zaielako.

Arratsaldeko 17:30etan Arrigorriagako alkateak harrera egin zien Udaletxeko beheko aretoan. Bretoiek eman zioten ekarritako koadroa, eta alkateak bakoitzari poltsa bat, bisera eta beste gauza batzuk banatu zizkien.  Gure ikasleek eta bretoiek kanta bat euskaraz  eta bretoieraz beste bat abestu zuten. Onartu behar da haiek euskarazko kanta gure ikasleek bretoierazko kanta  baino askoz hobeto zekitela. Horrek esan nahi du  entsaio gehiago egin behar ditugula datorren urterako lotsagarri geratu nahi ez badugu. Jarraian, Poli tabernan  prestaturik zegoen luntxari ekin genion

Asteartean, El Pobal burdindegira eta La Encartada fabrika eta museora joan ziren bretoiak Hugo irakasleak lagunduta. Egun osoko irteera izan zen eta aurreko egunean bezala, eguraldi ona izan zuten. Arratsaldeko 16:00etan institututik pasatu ziren gure ikasleekin batera Arrankudiagara joateko, herri horretako alkateak 16:30etan bretoiei harrera egiteko asmoa zuelako. Urtero bezala, hango pilota partida  batzuen ondoren, aukera eman zitzaien jolasteko Ekitaldiari  amaiera ederra eman zitzaion txokolate beroa eskainiz

           


Azkeneko eguna erosketak egiteko eguna izaten da. Hori dela eta, Bilbora eramatn genituen, Alde Zaharrera hain zuzen ere. Joan baino lehenago institutuko jantokian euskal dantzak ikasteko aukera izan zuten bretoiek, batxilerreko ikasle batzuen laguntzaz. Eskerrik asko Ane eta Karmele!!!!! Gure ikasleak ere egon ziren ekintza honetan parte hartzen. Dantzak ikasteaz gain, aukera izan zuten txalaparta jotzen ikasteko Joseba Ibarretxe eta Tere irakasleen eskutik.





 

                          



Mari Carmen alonso ( Trukearen antolatzaileetako bat)

jueves, 11 de mayo de 2017

EGA IKASTAROAK IKASTETXEAN

Aspaldiko partez egin izan dugun modura, aurten ere batxiler 1. mailako ikasleei EGA azterketak prestatzeko ikastaroa egiteko aukera emango zaie.  Kontuan izan HNPtik bidali diguten ondorengo informazioa:
  • 1 Batx ikasleentzat zuzenduta.
  • Helburua:   Institutuetako azken mailetako ikasleentzako EGAren eta HABEren azterketarako prestakuntza.
  • 100 orduko ikastaroa, institutuan bertan.
  • 17 egun maiatza-ekainean eta 3 irailean.
  • Aek-ko irakasleak emango dute.
  • Matrikula-orria maiatzaren 24 baino lehen eman parte hartu nahi izanez gero ( Tere edo Karmele irakasleei)

martes, 9 de mayo de 2017

MAITEMINEZ III

Badira 15 urte Amodiozko Gutun lehiaketa egiten hasi ginela. Euriak, eguzkiak, trumoiak, haizete gogorrak… ezerk ez du gelditu hasi genuen bidea. Kezka bat ere bagenuen: zer egin hain lan txukun eta ederrekin? Argi zegoen kalera atera behar zela egitasmoaren fruitua. Eta horrela etorri ziren Maite Minez I eta Maite Minez II.
Esku artean dugun hau Maite Minez III duzue. Azken 6 ikasturtetako emaitzak bilduta daude. Lan bikainak, sentimenduz josiak. Apirilaren 26an  arratsaldeko 6etan, Arrigorriaga herrian, liburuxkaren aurkezpen publikoa egin  genuen, itzelezko ikuskizunarekin  batera: bibolin jotzaileak, txalapartariak eta, nola ez,  zenbait ikaslek testuetako batzuk irakurri zituzten.  Zirraragarria iruditu zitzaion bati baino gehiagori ekitaldia!!

Orain, goza ezazue irakurketarekin.




 



Ikasle batzuek egindako bideoa ikusi nahi?



miércoles, 3 de mayo de 2017

LIBURU EGUNA





Gaztelaniako mintegikideek ideia bikainak izaten dituztela argi dago, urtero-urtero ekartzen baitizkigute Liburu Egunerako proiektu zoragarriren bat. Aurtengo Liburu Egunaren omenez zerbait berezia egin behar zela eta, hormak gure ikasleek idatziriko poesiaz eta mikroipuin interesgarriz bete dizkigute. Probarik nahi? hementxe utziko dizkizuegu atera ditugun argazkiak.