jueves, 29 de septiembre de 2011

SUAK HARTUKO GAITU

Joan den astean, Arrigorriaga institutuko irakasle guztiok egin genuen suteen kontrako ikastaroa. Ez zen oso luzea izan. Lehenengo hitzaldi labur bat, gure ikastetxean suterik sortu daitekeen  ala ez, erregarriak litezkeen materialak errepasatu, zer egin sua dagoenean bai etxean zein ikastetxean... Oso ideia interesgarriak azaldu zizkiguten, adibidez ezetz jakin zer egin zartaginak sua hartzen badizue. Nik zuzenean harrira botako nuke, ur hotzetan busti dadin.Ba, EZ! Dirudienez egin behar denaren kontrakoa! Hobe trapu HEZEA hartzen baduzue sartaginaren gainean jartzeko, eta berehala amatatuko da sua oxigenorik gabe geratzen delako. Bestetik, sua dagoenean,  hasieran kea besterik ez du sortzen; tarte horretan gertatzen omen dira heriotza gehienak, jendea arnasarik gabe geratzen baita. Halako kasuetan, onena, gure hizlarien esanetan, sua edo kea dagoen urrutien joatea da, beti makurtuta, dirudienez keak gorantz egiten duelako. Eta derrigorrean pasatu behar badugu sua duen ate batetik, gainetik busti gabeko tapaki edo beroki bat bota , haren azpian babesturik pasa dezagun larrigunea.
Bigarren,  estintoreen erabilera eta balioaz hitz egin ziguten. Hiru eratakoak daude, gaizki ez banabil, C02-koa, aparrez bete dagoena eta urez beterik daudenak. Gehien erabiltzen direnak aparrez beterikoak dira. Kontra duten ezaugarria da oso zikintzen dutela , baina sua elidituz gero, gaitzerdi! CO2-koak arriskutsuak izan daitezke zero petik tenperatura oso txikian ateratzen delako gaia;  kontuz ez bazabiltza erredura sor diezazuke. Eta, urez beteriko estintoreak ez dira horren eraginkorrak kasu batzuetan.
Onena azalpen praktikoekin etorri zen. Denok atera ginen kalera eta han ia banan-banan probatu genituen estintoreak, duten segurtasun burdinatxoa kendu eta hala! suari ke ta fuego! ikus dezazuen guk ere disfrutatu egiten dugula zenbait ikasketez. Bestelako suak amatatzen ere jaioak gara eta!
Ahaztu dut esatea gure ikastetxeko estintore guztiek falta zutela segurtasun burdinatxoa. Ea hortik dabilen teoria asmatzen duzuen. Komentarioak onartzen dira.

Suari Fu!
Eskerrak Bego Ruano kideari berak egin zituelako argazkiak eta power pointa

sábado, 24 de septiembre de 2011

TAKILLA BERRIAK 3. SOLAIRUAN

Ailegatu dira, bai, aurreko ikasrturtearen bukaeran esaneko moduan, takilla berriak 3. solairura. Ez pentsa, hasierako egunak zoramena izan ziren: ikasle guztiak dantzan, ezin zituztela atexkak zabaldu; ezkerretara 16, eskumatara 40, berriro ere ezkerretara 22.  Zenbakiak gora eta behera, baina modurik ez! Batzuk desesperaturik tutoreari galdezka; beste batzuk, bururari eragiten ea zer demontre izango ote zen hurrengo asmakeria; eta hainbat, lasai-lasai edozeri aurre egiteko prest. Azkenean, bai, saiatu eta saiatu ondoren, lortu zuten. Halaxe dio esaerak, ezta? "ezina ekinez egina"

Dirudienez, pentsatu bezala, batxilerreko gelak txukun-txukun mantentzen dira, ikasleak ordu bitarteetan eta atsedenaldietan pasabidean edo goiko hallean egoten direlako, edo akaso kalean; izan ere, baimena dute tarte horretan kalera ateratzeko.
Bigarren abantaila gelak tramankulu teknologikoz bete direla da. Hortaz, gelan bertan ikus-entzun-idatz daitezke lehen gelan berezietan (IKT geletan) egiten zena. Eta, irakasle askok dakigunez, zail samarra zen ordua erreserbatzea, leporaino beterik baitzeuden.

Denborak aurrera egin ahala ohituko dira gure neska-mutikoak sistema berria erabiltzen, nahiz eta oraindik saio bitarteetan pasabidea ikaslez gainezka dagoen arlo bateko behar dituzten koaderno-liburuak hartu eta erabili dituztenak uzteko.

Bestetik, 1DBHko ordenagailuak ez dakigu zein bidetan galdu diren, ze hona, behintzat, ez dituzte ekarri. Arbel digitala duten geletan ere ordenagailua falta da. Betiko klariona eta irakaslearen hitz estimatuak erabiltzen jarraitu beharko!!! Ze erremedio!!!

Goizeko lehenengo orduetan inor etorri baino lehen






Gure ikasle finenak, arazorik gabe

2011-2012 KURTSO HASIERA

    Irailaren 7an  goizeko 11:00etan iritsi dira autobusak ikaslez beterik. Ikastetxeko ateak zabaldu eta han datoz nagiturik eta loaren lorratzak kendu ezinik, txiki zein handi, lotsati zein ausart gure institutuko neska-mutilak. Batzuek pausua luzatu ezinean; beste batzuk, ordea, arrapaladan lagunak ikusteko gogotsu; gehienak, bero sapak eragindako estuasunaz, larri, aterpe bila.
     Bukatu dira opor garaiak, hondartza egunak, jai giroko gau epelak. Orain liburu eta koadernoetako paperei hartu behar zaie usaina, ukondoak igurtziz bete, buruari eutsi begiek irakurritakoa garunetan sartzen saiatzen diren bitartean. 
     Lehenengo ikasturtea izango dute ikastetxean DBH 1go mailara datozenak. Beldur-ikaraz hurbiltzen dira, zentroaren handiak harriturik, gelan lagunekin egokituko zaien ala ez jakin minez, irakasleren baten gogorraz horrenbesterako izango ote den artean galdetuz. Isil-isil beteko dute urte osorako izango duten egutegia eman zaien agendatxoan. Tutoreek esango dizkien arauak eta eskubideak pausarik gabe mamurtuko dituzte, nahiz eta ordu erdi beranduago ahaztuko egingo zaizkien ,  tekno gela edo musika gela non egon litezkeen arduraturik.
Ausartago dabiltza bitarteko kurtsoetako gazteak, ezagunak ematen duen segurantzaz baliaturik.
Era berean, azken ikasturtea izango dute batxiler bigarren maila egingo duten ikasleek. Horientzat gogorragoa izango da hautaprobetako mamua hor baitago, nota eske, unibertsidaderako medikuntza, ingeniaritzan edo filologietan sartu nahi badute.
Ez dugu inor negarrez ikusi, eskoletako ume txikiei gertatzen zaien modura, amatxoren eskuetatik askatu ezikinik, eskolara ez dutela joan nahi errepikatuz; akaso aurpegi haserreren bat somatu daiteke, eguraldia hondartzan patxadoso egoteko aproposagoa delako.

Edozelan ere, ONGI ETORRI  denoi. Lasai hartu, ikasturteak luze joko baitu  larritzen hasteko.