lunes, 31 de marzo de 2014

"MAITE DUT IRRATIA" kontakizun laburren lehiaketa

eitb-tik hartutako irudia
Otsailaren 24an hasi zen "Maite dut irratia" izeneko lehiaketa Euskadi Irratian. Iazko audio bitarteko narraioak baziren, aurtengoen baldintzetan, whatsapp-eko mezuen bidez bidalitako  30 segundo azpiko audio mezuak behar  dute izan.
Hala bada, gure 2DBHko ikasle saiatuek mikroipuin laburrak grabatu dituzte. Arazotxoak ere izan dituzte, ez baitaukagu ikastetxean smartphone eratako telefonorik, handik mezuak bidaltzeko. Horretan, irakaslearen laguntza eta haren sakelakoa erabili ditugu. Bestetik, audioaren  formatoak berak ere buruhauste bat baino gehiago ekarri dizkigu, gure saioetako grabazio guztiak Soundcloud izeneko aplikazioaren bitartez grabatzen ditugulako saioetan erabiltzen dugun tabletan. Hori ere aldatu beharra izan dugu.
Edozelan, formato eta logistika arazoak gaindituta, eitb-ra bidali ditugu gure ikasleen audiotxoak. Ez dakigu ezer irabaziko dugun, baina ahalegindu ahalegindu gara imaginaziozko istorioak asmatzen. 
Ea zer deritzezuen horietako batzuei. (Batzuk eskatutakoak baino luzetxoagoak geratu zaizkigu...)

BADAKIZUE ZER? Orain dela ordu bete jaso dut Euskadi irratikoen deia esateko aste honetako zozketako LIBURU ELEKTRONIKOA geuri egokitu zaigula!!!!!! Hau poza!!!!!!

ZORIONAK, NESKA-MUTILOK!!!

   
Hiruzpalau egun beranduago....


Iritsi zaigu tramankulu elektronikoa. Gure neska-mutilen lanek merezimendua izango dute; horretarako astelehenean bertan zozketatuko dugu jaso berri dugun liburu elektronikoa, dotorea, digitala, gabaz irakurtzeko argia duena....ufff..bai opari ederra!!!  asteburuan liburu elektroniko batzuk aukeratu, trastean sartu, eta....ea nori suertatzen zaion:

Ba, Olatz Beotegiren eskuak 21 ikasleren izenak dituzten papertxoen artetik bat aukeratu ondoren, Irene Aurrekoetxearen izena dakarrela ikusi du.
Gezurra badirudi ere,  12-13 urteko gaztetxoei gehien gustatzen zaiena irakurketa ez izan arren, irabazlea pozarren dago  egokitutakoarekin....ze aurpegi jarri ere ez du jakin urduriaren urduriaz. ZORIONAK IRENE!!! IRAKURTZEAZ GOZATU!!!!!

martes, 25 de marzo de 2014


ZUHAITZAK-4

Iepa, lagunok!
Azken zuhaitz landaketa egin dugu jada. Oraingoan, DBH1 mailako lau gelatako ikasleak joan ginen arbolak landatzera. Arrigorriagan bertan landatu genituen, hamabost guztira: hiru gurbitz, lau pago gorri eta zortzi urki. Ganera, Nartur Zientzietan, zuhaitzek zertan laguntzen diguten irakatsi digu Maiderrek; besteak beste, oso garrantzitsuak dira CO2-aren kutsadura txikitzeko.





Aurten, guztira, 42 zuhaitz landatu ditugu (gurbitzak, arteak, pagoak, gorostiak, elorriak, aranondoak...). Datorren ikasturtean ere, arbola gehiago landatzen ahaleginduko gara, mesede handia egiten digute eta.


martes, 18 de marzo de 2014

EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA, MARTXOAREN 8A

Orain dela aspaldi hasi ginen emakumearen eguna aintzat hartzen institutuan. Horretarako ikasleen borondate amaigabearen laguntzaz eta zenbait irakasleren gidaritza azkarraz irudi erraldoiak egiteko ohitura hartu dugu patioko zintarrian. XX. mendearen hasieran New Yorken borrokatu ziren emakumeei men eginez eta atzetik etorri diren beste horrebesteri goratzarre egin nahian, gogora ekartzen ditugu  emakumeek libratu dituzten  bataila latz, astun eta zailak. Eskubideak eta duintasuna eskatu izan dugu beti, antzina, lehen eta gaur, nahiz eta askotan gizonaren eta ezarritako botere zein pentsamoldeen aurka egitea ez dugun erraz izan. 
Aurtengo latin eta grekoa ematen dituen irakasleak, Olgak, Mitileneko Safo poetisaren poema idatzi digu lurrean,latinez eta grekoz, argazkietan ikusiko duzuen moduan.

Ne tibi sim, mea lux, aeque iam fervida cura
    ac videor paucos ante fuisse dies,
si quicquam tota conmisi stulta iuventa,
    cuius me fatear paenituisse magis,
hesterna quam te solum quod nocte reliqui,
   ardorem cupiens dissimulare meum.


Agian ez nauzu ni,  nire bihotzeko argitxoa, pasio gartsua,
duela egun batzuk  izan naizena uste dudanaren modukoa?
Inoiz damutu naizen inozokeriaren bat egin badut, hori, 
            nire garra ezkutatzearren,zu                     bakarrik uztea izan da.


lunes, 17 de marzo de 2014

MIO CID IKASTEKO BIDEOAK

Urtero bezala hirugarren mailako ikasleak Cantar del Mio Cid poema ikasi behar izan dugu, baina aurten lana eramangarriagoa izateko bideoak, komikiak eta antzezlanak egin ditugu. Mundu osoak ikasleen trebetasuna ikus dezan hemen azpian utziko ditugu egindako bideoak.

                                                          3.A
                      
                                                     3.B  






                                                                  3.C 






             

ZORIONAK NESKA-MUTILAK! PRIMERAKO LANA EGIN DUZUE!

lunes, 10 de marzo de 2014

IAZKO 2.ENEKOEK EGINDAKO FILM LABUR IKARAGARRIAK

Pasa den ikasturtean, Mª Carmen Alonsorekin, euskara irakaslearekin, egon ziren ikasleek hainbat filma labur egin zituzten. Esan beharra dago, bideoak oso ondo atera zirela. Artista hutsak dira gure ikasleak!
Hemen dauzkazue pasa den urteko 2.A-koek eta 2.D-koek egin zituzten filme laburrak.
Gidoiak ikasleok egindakok dira.
2.C taldearen bideoa, oraindik, ez dago bukatuta. Baina laster izango duzue azken bideo horren berri.

2.A -koen laburmetraia: Poli Adventures




2.D -koen laburmetraia: Zer egin dezaket?



KarreteX Produkzioak aurkeztutako laburmetraiak

X. Aresti ( prentsa tailerra)

UDAKO CAMPUS ZIENTIFIKOAK

JON GUTIERREZ


"Pertsona orok ahaztezinak diren esperientziak gordetzen ditu bere barnean, urteak igaro arren askatzen ez diren eta tinko errotuta jarraitzen duten horietakoak. Ni ez naiz salbuespena eta horren kariaz, irribarre zabala marrazten da nire aurpegian udan Oviedon bizitako momenturen bat gogora datorkidanean. 7 egun eman nituen bertan, penintsulako beste 27 ikasle zoragarriekin. 1996an jaiotakoak guztiak, baina norberaren atzean istorio interesgarriak zeramatzatenak eta, konfiantza irabazi ahala, ezagutu nituenak.
Ia erkidego guztietako ordezkariak bildu ginen han, gehienak Andaluziakoak eta penintsularen hegoaldekoak. Valentzia, Leon, Sevilla, Cádiz, Malaga, Oviedo, Palentzia… Betidanik izan dut Andaluzia gustuko, astea igaro ostean, ordea, are gehiago (Oraindik ere “Illo” “Mi arma” “Pero eto que e lo que e” eta horrelako esaldiak dauzkat gogoan). Izatez, Espainiako zonalde guztietako kulturak, hizkerak, doinuak, esaerak eta abar ezagutzeko aukera izan nuen. Horrekin batera, Kriminalistika ikastaro batez gozatu nuen (Horixe baitzen helburu nagusia). Goizean zazpietan altxatu eta, gosaldu ostean, klaseak jasotzeko ordua heltzen zen: Fisika, Kimika, Matematika eta Biologiaren ikuspuntutik, hilketak aztertzeko hainbat teknika ikertu, aztertu eta ezagutu genituen, azkenengo egunean erabili behar izan genituenak, erailketa arraro baten kasua ebazteko.
Gainera, nahiz eta hildakorik ez egon, laginak eta frogak benetakoak ziren (ileak, txikleak, oinetako eta atzamarretako aztarnak, kotxeetako matrikulen argazkiak…). Ordubete eman genuen nire lankidea eta biok susmagarriak baztertzen eta hiltzailea aurkitzen, lasterketaz, dedukzioz… beteriko 60 minutu. Kontzeptu horiek guztiak gainerako lagunei azaldu behar izan genizkien azkenengo arratsaldean zehar, 28tik soilik 7k  egiten baikenuen kriminalistika. Gainerakoek robotika, zelulen eta erliebearen azterketa egin zuten.


Arratsaldeetan, aldiz, aisialdirako denbora edo irteerak geneuzkan. Igerilekua, gimnasioa, kirol-zelaiak, egongela zabalak… erabili ez genuen arratsalde batean, adibidez, albistegi bat prestatu genuen: berria aukeratu, bideoa prestatu, ahotsak grabatu, antzeztu; barre algarak nonahi entzuten ziren.
Goiza eta arratsa aipatu ostean, gaua besterik ez da falta. Behin lehiaketak edo argudiaketak amaitu ondoren, hamabiak inguru zirelarik zaintzaileak lotara joan eta gure eskura zegoen guztia egin genezakeen. Batzuk zelaian etzanda, beste batzuk logeletan sakabanaturik (egunak joan ahala talde txikiak sortuz joan ziren) hitz egiten edo musika entzuten goizaldeko bostak arte gehien jota bi ordu geroxeago esnatu beharra geneukalako. Joku bat aipatzekotan, honako hau azalduko dizuet: 28 izenak poltsa batean sartu eta bakoitzak bat hartu behar zuen. Ondoren, pertsona horrek musua ematen saiatu behar zuen;  baina hori gertatzeko bi baldintza zeuden: biak bakarrik egon behar zuten eta ezin zen kanpoan izan, eraikinaren barruan baizik. Hortaz inork ez zuen bakarrik egon nahi, ezta une batean ere. Behin norbait musukatuta, bere papera hartu eta hurrengoarengana joan behar genuen. 
Hainbat eta hainbat gauza gehiago egin nituen bertan. Halere, zu zeu bertara joatea eta zeure istorio propioa garatzea aproposena izango litzatekeela deritzot. Argi dagoena zera da, aukera izatekotan sines iezadazu, eta bitan pentsatu barik, honelako kanpamentuetara joan zaitez. Ez nuke exajeratuko esango banu Oviedok bizitza onerako aldatu didala, eta espero dut bertan topatutako pertsona askorekin daukadan harremana inoiz ere ez galtzea." 

                                                                      ADRIAN MENCIA


Batzuetan, nahiz eta sinestezina iruditu, irakasleek klasean esaten dituztenen gauzen artean,  bada  interesa duenik ere.
Nire kasuan Alexek (Alex Aginagalde matematikako irakasleak) urte hasieran edo, komentatutako jarduera bat izan zen. “Campus Científicos” delako programa baten berri eman zigun. Programaren helburua aste bete giro multikultural eta zientifiko batean pasatzea zen, inbestigazio proiektu bat egiteko. Aitatu zigunean, klasekideen aldetik ez zuen erantzun handirik lortu. Klaseko biri soilik piztu zitzaigun interesa : Jon Gutierrez eta niri. 
www.campuscientificos.com orrialdean aurkituko duzue hautaproben, oinarrien eta inbestigazio proiektuei buruzko informazio geihago.“Papeleoa” egin ondoren hautaprobak egin genituen.

Hilabete batzuk geroago Termibusen nengoen, Bilbao-Madril ibilbidea egiteko, autobusaren zain, astebete etxetik kanpo pasatzeko prest. Kampusak ia doanekoak dira, 85 euro besterik ez zen ordaindu beharrrekoa. Hara gindoazen guztiak batu eta gero, Atochara eraman gintuzten, han beste askorekin batzeko asmoz, Plaza Castillan zegoen erresidentziara abiatu baino lehen. Nire egoitzan 4 proiektu bideratuko zuten jendea bildu ginen, guztira 27 edo, Avatares Virtuales, Tratamiento Digital De La Voz, Biomedicina eta Aceleración De Iones.
Espainian dagoen “acelerador de iones” bakarrarekin aritu ziren eta guk hura ere bisitatu  genuen. 

Astea labur-laburra egin zitzaidan; gainera,  hasiera-hasieratik egin nituen lagun onak. Izan ere, aste bakarra izanda, denbora aprobetxatu behar zela konturatu ginen guztiok. Egunean zehar bakoitza bere proiektuan murgiltzen zen, taldeka; beranduago, jateko biltzen ginen. Ordu horretatik aurrera arratsaldeak batera ematen genituen. Arratsaldero beste zenbait jarduera ere izaten genuen, igerilekura joatea, adibidez. Baina gehienetan zientzia munduarekin lotutakoak ziren. Nire kasuan grafenoa delako substantzia baten aurkikuntzak izandako zientzialari ospetsu batekin aritu ginen, esaterako.
Egin ez genuen bakarra Madril turistikoki bisitatzea izan zen, eta benetan geratu zitzaidan pena bakarra . Izan ere, han egon eta ezer ez ikustea pena handia dela uste dut.

Asteko momenturik txarrena, etxerako buelta izan zen. Izan ere, harrigarria da aste batean zenbateraino estutu daitezkeen pertsonekiko harremanak, eta zenbat kostatzen den agur esatea. Gaur egun, whatsappeko taldean jarraitzen dugu harremanetan guztiok gure kontuez hitz egiten.
Espainiako leku guztietako pertsonak joaten direnez, oro har, zaila izaten da berriro elkar ikustea. Baina nik, berriz, egin nituen lagunetako bi ikusi ditut jada: bata Bilbon, bidaian ari zen bat. Eta bestea,  haren etxean udan aste bat eman nuelako, berak gonbidatuta. Beraz, lagun minak irabazi ditut mila aldiz errepikatuko nukeen esperientzia sinesgarri horretatik.

 Edonor  animatzen dut horrelakoetara joaten. Eta benetan dinotsuet oso baliogarria dela  zientziez ikasteko ez ezik, giza esperientzia  gisa ere.

Zer galdera edo zalantza izan, lanerako edo pertsonala bada ere, prest nago ahal dudan heinean erantzuten.

Jon Gutierrez eta Adrian Mencia (Batxiler 2ko ikasleak)

INAUTERIAK 2014

 Buah, buah! Ah, zein pena...bukatu dira hainbeste gustatzen zaizkigun jaiak, inauteriak . Bi asteburu zoragarri handik-hortik-hemendik, inork ezagutuko ez gaituen mozorroa soinean dela, gaiztakerietan, barreka ala kendu ezineko gaineko lotsa alde batera utzita.Erre dituzte Sardina, Mozoilooker, Ziripot eta beste...
Baina ezetz jakin zeintzuk diren munduko inauteririk famatuenak? EZ? Horregatik, gure bi kazetari trebek Venezia eta Brasilgo inauteriei buruzko zenbait datu xume ekarri dizkigute:

Veneziako inauteriak mundu osoan ezagunak dira. Oso jatorri zaharra dute. Lehenengo aztarnak 1094 urtean topatu ziren. Maskara eta mozorroei esker gizartean zeuden klaseen arteko banaketa desagertu egiten zen.  Agintariei eta aristokraziari burla egiteko baimena zuten, inork ez baitzekien nor zen nor. Herri-festatzat duen lehenengo dokumentu ofiziala 1296ko ediktu bat da. Bertan Errepublikaren Senatuak garizumen bezpera jai-eguna zela adierazten zuen.
Garai hartan, eta ondorengo mende askotan, inauteriak sei aste irauten zuen, abenduaren 26 tik hausterre-egunera arte; batzuetan,ostera, ospakizunak urriaren lehenengo egunean hasten ziren.
Maskara eta jantzien bidez nork bere identitatea ezkutuan gorde zezakeen, eta horrela norberaren gizarte-maila, sexua edota erlijioa kontuan hartzerik ez zegoen; bakoitzak nahi zuen bezala joka zezakeen, jantzi eta itxura berriaren arabera. Horregatik beste “pertsonaia” batekin topo egitean, Buongiorno signora maschera (Egunon maskara andrea) besterik ez zen esaten. Alaitasuna eta parte hartzea ziren Veneziako inauteriaren benetako asmoak.
Bestetik, Brasilgo inauteriak ditugu, Hegoaldeko hemisferioko beroaren eraginez, gorputzak mugimendu izu eta ikaragarrian hiru egunez dantzatzen ematen duten garaia. Horretarako, Sanbodromo izeneko erarikin ezaguna darabilte brasildarrek, gehiago esango nuke Rio Janeirokoek, cariocek. Iparraldeko mozorratzeko ohitura berbera izan arren, hango jantzi eta apaingarriak dotorezia eta disdiraz beterikoak dira. Izan ere, brasildarrak urte osoa ematen dute jantziak, ospakizuna eta gainerako ekintzak prestatzen; baita haien gorputza segail eta lirainak ontzen ere. 

Bada, gero! Hiru egunetan dantzatzeari utzi gabe! Ez dakit enbor gisako gorputza dugun euskaldunok (gure famak hala dio) hainbeste iraungo genukeenik; ezta Bilbokoak izanik ere!!!!
Edozelan ere, gure ikasleak jairako gogoa dutela ondotxo erakutsi digute ostiral gizenean ekarri zituzten mozorroei begiratuz gero, zein zein baino originalagoa. Ofizio eta lanbide gehienen ereduak izan ditugu: kabareterak, motorzaleak, lehoiak, panterak, kolegio pribatuko uniformedunak, musikariak, gerrilariak..., hemen utziko dizuegu begirada bota diezaiozuen argazkiekin egin dugun bideotxoa, ea zein mozorro gustatu zaizuen gehien.