martes, 13 de marzo de 2012

DANEL ELEZKANO, APARTEKO PILOTARIA

Aurreko urtean "Atxantaizu" aldizkarirako ere egin zitzaion elkarrizketa, baina paperean gordetzen dena erraz gal daitekeenez, aurten berriro egingo diogu elkarrizketa bigarren batxilergoan ari den Danel Elezkano pilotari gazteari. Horretarako, txintxo-txintxo erantzun dizkie mutikoak prentsa tailerreko Arratek eta Yeraik egin dizkioten galdera guztiei:

Nongoa zara? Kontaiguzu pixkat non dagoen eta zelakoa den zure herria
Zaratamokoa naiz, Arrigorriaga ondoan dagoen herri txiki batekoa. Mendi inguruan dago kokatuta,  lasaitasun handia duen herria da.
Zure familiak ere gustuko du eskupilota? Beste kirolen bat gustuko dute?
Bai,  beti izan dira pilota jarraitzaileak eta anaia eta ni jolasten hasi ginenetik, gehiago oraindik. Aitak pilotan egin zuen gaztetan baina ondoren futbolaren aldeko erabakia hartu zuen.
Zenbat urterekin hasi zinen esku pilotan jolasten?
Hasi, hasi, 3 urterekin hasi nintzen frontoira joan eta jolasten, baina Upo Mendi taldean 4 urterekin sartu nintzen.
Betidanik gustuko izan duzu pilota ala beste kirolen bat ere gustatzen zaizu? Zein?
Kirol gehienak ditut gustuko. Futbola asko gustatzen zait, baita tenisa ere, eta beste hainbat kirol ere bai. Baina esku pilotak zerbait berezia du niretzat.
Non hasi zinen pilotan jolasten, eta non amaitu duzu gaur egun? Kontaiguzu zure ibilbidea.
Zaratamon hasi nintzen, lehen esan dudan bezala, Upo Mendi taldean, Adolfo eta Kepa entrenatzaileekin. Ondoren, Galdakora joan nintzen, gaur egun entrenatzaile egiten didan Mikel Etxegiarekin, eta orain Galdakoz gain, Bergaran ere entrenatzen dut euskal selekzioarekin. Entrenatzaile eta lagun guztiek erakutsi didate asko.
Zein da zure pilotaririk gogokoena, eta zergatik?
Goi mailako denak gustatzen zaizkit, guztiak dute zerbait bestela ez lirateke hor egongo. Niri beti gustatu izan zait Barriola, oso mutil jator eta profesionala iruditzen zaidalako. Baina ni aurrelaria izanik, bat aukeratzekotan Aimar aukeratuko nuke. Ikaragarri dabil azkenaldian eta, Irujorekin batera, onena da.
Jolastu dituzun partiden artean, zuretzat zein izan da garrantsitzuena?
Patida guztiak dira garrantzitsuak, entrenamenduak bezala. Beti ikasten da zerbait. Bat aukeratu behar izanez gero, ez dakit, Diario Vaskoko finala, Elgetakoa edo Antiguokoa aukeratuko nuke.
Noizbait jolastu duzu Euskal Herritik kanpo? Hala bada non? Eta ez bada gustatuko litzaizuke?
Ez ez dut inoiz jokatu Euskal Herritik kanpo.  Jokatu jokatzen  da, anaia esaterako birritan egon da San Franciskon eta oso pozik etorri da. Gustatuko litzaidake, noski!
Badakigu hainbat lekutan jolastu duzula, zein izan da ederrena?
Ez dakit, hainbat herri ezagutu ditut eta hainbat frontoi, Tolosakoa eta Urretxukoa oso ederrak iruditzen zaizkit. Bat aukeratzekotan, ordea, dudarik gabe, Zaratamokoa aukeratuko nuke. Bertan sartu ditut ordu gehien eta oso polita da herriartekoa jokatzea, frontoia beterik dagoela, herriko jendearekin...
Bizitza osoko partiduen artean, zein izan da luzeena?
Ez dakit zein izan den luzeena.
Astero zenbat ordu entrenatzen dituzu?
Astelenetan eta azteazkenetan ditut entrenamenduak, baina ahal ditudan astearte eta ostegun guztietan Zaratamora ere joaten naiz , bigunarekin bada ere, zerbait egitera. Gainera, txikiekin jolastea asko gustatzen zait.
Noizbait pelotari profesional batekin topatu zara? kontaiguzu esperientzia
Bai, Mikel Urrutikoetxea laguna da. Bestela ere izan dut batzuekin entrenatzeko zortea, eta denak ere oso jatorrak dira, pilo bat ikasten da haiekin.
Zein plotari duzu eredutzat. Zergatik? Zein ezaugarri du zuk miresten duzunak?
Denak gustatzen zaizkit baina Aimar... lehen esan dut niretzat perfektua dela bere jokoa. Burutsuen berak jokatzen duela uste dut, defenditu behar denean defenditu eta bukatu behar denean duen ezker gantxoa...
Zenbat txapelketa irabazi duzu?
Ez dakit. Ez ditut kontatu. Hainbat
Lehiakortasunagatik ala gozatzeko jolastu? 
Denoi gustatzen zaigu partiduak eta txapelketak irabaztea, baina guztiaren gainetik, disfrutatzen dudalako egiten dut esku pilotan, asko gustatzen zaidalako. Gainera, lagun asko egiteko aukera eman dit.
Hainbat txapelketa irabazita, non gordetzen dituzu txapelak eta kopak?
Etxean ditut batzuk, eta beste batzuk amamaren etxean daude, haiei egiten baitie ilusio gehien.
Inoiz lesionatu egin zara?, eta zein izan da larriena?
Egia esan, zorte handia izan dut arlo horretan, ez baitut lesio larri-larririk izan; baina, bai, lesionatu naiz. Jokatu nuen azken finalean, golpe handi bat hartu nuen sorbaldan; eskua ere mindu nuen, asko sufritu nuen partidan. Ondoren, hilabete batez egon behar izan nuen geldi.
Kontatu digute zure anaia ere pilotaria dela, badago lehiakortasunik zuen artean? Batera entrenatzen duzue?
Batera entrenatzen dugu, baina ez dago inolako lehiakortasunik, guztiz kontrakoa baizik, berak erakutsi baitizkit gauza asko eta asko. Bihotzez eskertzen diot.
Esku pilota alde batera utzita kontaiguzu zer pentsatu duzun egitea institutua amaitu ondoren.
Orain arte nahiko txukun eraman ditut ikasketak eta, horrekin jarraituko dut, ikasten. Unibertsitatera joateko asmoa dut, nahiz eta oraindik ez dudan erabaki zer egin.
Esku pilotan famatua izatera helduko bazina, bizimodu normalaz jarraituko zenuke ala zerbait berezi egingo zenuke?
Oso zaila kirolean profesional izatea. Ez dut horretan pentsatzen, disfrutatzean baino. Dena den, iritsiko banintz ez nuke aldatuko, gauza bera egiten jarraituko nuke, zalantzarik gabe.
Pilota entrenamenduak amaitu eta gero pentsatzen dugu lagunekin joango zarela, zer gustuko duzue egitea?
Uff! Entrenamendu ostean ez; normalean nahiko berandu entrenatzen dudalako baina, bai, asko gustatzen zait lagunekin egotea. Lagun ikaragarriak ditut eta beti daude laguntzeko prest.
Zer nahiago duzu ikasgela ala frontoia? Zergatik?
Frontoia, dudarik gabe. Hala ere, badakit ikasketak direla lehena eta horregatik saiatzen naiz ahalik eta ondoen eramaten.
Gustuko duzu mendira joatea ala nahiago hondartzara?
Mendira joatea gustatzen zait hondartzara joatea baino gehiago.
Entzun dugu asko dakizula arropa eta marka kontuez? Bukatu dira baserritar itxuraz jantzitako pilotariak? Modernizatu behar da itxuran, janzkeran? Zer uste duzu? Ilea luze utziko zenuke, rastak eramango zenituzke?, Piercinak?
Jajaja. Ez pentsa asko dakidanik, Endika Arteagari galdetu kontu horietaz. Ni frontoiko prakekin aurkitzen naiz politen jajaj . Ondo janztea gustatzen zait baina ezer berezirik ez. Ile kontuetan,ez dut uste ilea luze utziko nuenik, nire ustez erosoagoa delako labur izatea, ez beste ezergatik. Eta ez, piercinak, tatuajeak eta holako gauzak ez zaizkit gustatzen nik eramateko.
Ikasketetan ere oso ona zarela entzun dugu. Gustuko baduzu irakurtzea, esaiguzu gustura irakurri duzun libururen bat, eta zergatik?
pff!! Irakurtzea ez zait asko gustatzen; gainera, orain ez dut asko gogoratzen. Egia esan klasean bidalitakoak bakarrik irakurtzen ditut eta gustatu gustatu... egunero egunkarian dauden kirol berriak irakurtzea gustatzen zait gehiago.
Idazten ere jaioa zara, ezta? amodiozko gutunen lehiaketan parte hartzeko asmoa duzu?
Ez, ez dut uste parte hartuko dudanik, nahiko eskaxa delako nire lana, baina polita. Idazten bueno, irakurtzea baino gehiago gustatzen zait idaztea, baina betiere euskaraz, ze erdaraz nahiko txarra naiz eta ingelesez...
 Zer jan behar da pilotan sasoi onean egoteko? Dieta bereziren bat eraman behar da? Zein janari da zuri gehien gustatzen zaizuna? Sukalderantz arrimatzen zara? Zer egiten duzu ondoen? Pizza ala janari lasterra nahiago?
Denetarik jatea onena, ezta? Gehin gustatzen zaidana bada, ez dakit, pasta agian. Sukaldera ez naiz arrimatzen jatera baino, asike... jajaj Etxeko janaria gustatzen zait gehien.
Neskatan, zer? Halako kirolari onak neskak atzetik izango ditu,ezta? Zer? lan handia gainetik kentzen ala hobeto non aukeratu dagoelako?
Ez dakit pilotan ondo ala gaizki egiten dudan, baina nesketan baino hobeto seguru. Gainera, nahiko lotsatia naiz.

 Daneli ez diogu zorte ona besterik opa, pilotan berak nahi duen lekuraino hel dadin. Ikus dezazuen zelan jolasten duen, hemen utziko dizuegu Baqué kafe txapelketa finaleko partida irabazi zueneko bideoa; hori bai, zuzenean  42, minutura joan beharko duzue gure Danel egurra ematen ikusi nahi baduzue.
Eutsi goiari, Danel!!!

(Yeray  eta Arrate)

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada