jueves, 10 de octubre de 2013

FERNANDO BARREDO IRAKASLEA HOBETO EZAGUTZEN

 

Ikasleak zurekin ondo portatzen dira?
Nire ustez, bai. Dena den, normalean portaerarena elkarrekikoa izaten da; hau da, ni beraiekin ondo portatzen banaiz ikasleak ere nirekin ondo portatuko dira orokorrean.
Txikitatik nahi  zenuen irakaslea izan? Horrela ez bada zer izan nahi zenuen? eta zergatik amaitu duzu irakaslea izaten?
Txikitan beste interes batzuk izaten nituen (jan, jolastu…) eta batez ere Athletic taldeko futbolaria izan nahi nuen. Baina Bilboko Errekalde auzoko institutuan ikasten nengoenean irakurtzea asko gustatzen zitzaidan, eta klaseak ematen oso originala zen Literatura irakasle bat neukan. Horrela hasi zen dena.
Beste institutu batera joateko aukera izango bazenu aldatuko zinateke? zergatik?
Ez, ez nintzateke aldatuko; ezta pentsatu ere. Beste institutu asko ezagutzen ditut, baina hemen bezain ondo eta gustura ez naiz inon egon.
Zenbat urte daramatzazu irakasle lanetan? Eta institutu honetan? Zein beste institututan  egon zara lanean?
Irakasle moduan 23 urte daramatzat gutxi gorabehera. Hemen 5 urte baino gehiago daramatzat; hau nire seigarren ikasturtea da.
Beste institutu askotan egon naiz, adibidez Balmasedan, Bermeon, Arratzun, Derion, Erandion, Basauriko Bidebietan eta Bilboko Gabriel Arestin, Zurbaranbarriko Ignacio Ellacurian, Atxurin...

Beste ikasgairen bat eman duzu? Zergatik duzu gustuko gaztelania?
Behin baino gehiagotan Latina, Musika, Etika, Etorkinentzako Gaztelania eta Euskara eman ditut.
Gaztelania nire ama-hizkuntza da eta, lehenago esan dudanez, irakurtzea asko gustatzen zait. Horrexegatik daukat gustuko gaztelania.
Lan gogorra da?
Lana gustatzen bazaizu, ez da hain gogorra. Hala ere, nire ustez, komentarioak eta azterketak zuzentzea da gogorrena.

Txikia zinenean zein eskolatan ikasi zenuen? eta unibertsitatean? non ikasi zenuen euskeraz hitz egiten?
Txikitan Leioako Askartza Ikastetxean ikasi nuen. Gero Bilboko Errekalde auzoko Institutura joan nintzen, eta handik Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatera, “Filología Románica” ikastera.
Bestalde, Bilboko Juan Mateo Zabala eta Ulibarri euskaltegietan ikasi nuen euskaraz hitz egiten, baita nire emaztegaiari esker ere (bera Zornotzakoa eta euskaldun zaharra da).
Noizbait ikasleren bat begiko izan duzu? eta begitan hartu?
Bai, noizbait ikasle bati pilota konfiskatu egin diot. Je je. Txantxak alde batera utzita, normala da ikasle batzuekin beste batzuekin baino “feeling” handioagoa izatea, baina saiatu behar dugu horrek gure zuzenketetan eta erabakietan eraginik ez izaten.
Gustatzen zaizu zuri pelota egitea? Zergatik?
Niri benetan gustatzen zaidana ikasleak, eta jendea orokorrean, zintzoak izatea da. Ez zait gustatzen hipokrisia edo itxurakeria.
Kontatuko diguzu irakasle moduan gertatu zaizun pasadizo barregarriren bat?
Egia esan,  ez dut uste behin batean Balmasedako Institutuan gertatutakoa barregarria izan zenik (penagarria bai), baina kontatuko dut. Azterketa batean izan zen. Ikasle bati hasieratik nabaritzen zitzaion oso urduri zegoela. Denboraren erdia pasata, ikaslea altxatu zen eta beste orri bat eskatzen hurbildu zitzaidanean,  ez zen konturatu, edo ahaztu zitzaion, luzatzen zidan eskuan (ahurrean hain zuzen ere) txuleta galanta idatzita zeukala.

Orain zuk dituzun gustuko galderak egingo dizkizugu:
Zer nahiago duzu pelikulak ikustea edo liburuak irakurtzea? zein da zure gustukoen filma? eta gehien gustatzen zaizun liburua? Kirola egitea atsegin duzu?Zein?
Biak gustatzen zaizkit, pelikulak eta liburuak. Beharbada nahiago dut liburuak irakurtzea. Pelikula asko dira nire gustukoenak, adibidez “L. A. Confidential”;baina azkenetarikoetan “Cruce de caminos” asko gustatu zait. Nire gustukoen liburua aukeratzea zailagoa da. Idazle bat aukeratuko dut: Paul Auster.
Kirola egitea ere oso atsegin dut: tenisa, korrika eta, batez ere, areto futbola (“fútbol sala”).
Dena den, nire zaletasun handiena -nahiz eta horretaz ez galdetu- musika entzutea da.

Futbola gustatzen zaizu? Praktikatzea ala telebistatik ikustea? Zein da zure futbol talderik gustukoena eta txikitan zenuen gustukoa?
Bai, futbola gustatzen zait, eta nahiago du pratikatzea telebistan ikustea baino. Larunbatero areto futbola praktikatzen dut. Nire taldea Athletic-a izan da betidanik; ez ahaztu bilbotar hutsa naizela.
Eskerrik asko gure galdereei erantzuteagatik, hurrengora arte.
Ez horregatik, oso elkarrizketa atsegina izan da. ¡Klasean ikusiko dugu elkar!

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada