sábado, 24 de septiembre de 2011

2011-2012 KURTSO HASIERA

    Irailaren 7an  goizeko 11:00etan iritsi dira autobusak ikaslez beterik. Ikastetxeko ateak zabaldu eta han datoz nagiturik eta loaren lorratzak kendu ezinik, txiki zein handi, lotsati zein ausart gure institutuko neska-mutilak. Batzuek pausua luzatu ezinean; beste batzuk, ordea, arrapaladan lagunak ikusteko gogotsu; gehienak, bero sapak eragindako estuasunaz, larri, aterpe bila.
     Bukatu dira opor garaiak, hondartza egunak, jai giroko gau epelak. Orain liburu eta koadernoetako paperei hartu behar zaie usaina, ukondoak igurtziz bete, buruari eutsi begiek irakurritakoa garunetan sartzen saiatzen diren bitartean. 
     Lehenengo ikasturtea izango dute ikastetxean DBH 1go mailara datozenak. Beldur-ikaraz hurbiltzen dira, zentroaren handiak harriturik, gelan lagunekin egokituko zaien ala ez jakin minez, irakasleren baten gogorraz horrenbesterako izango ote den artean galdetuz. Isil-isil beteko dute urte osorako izango duten egutegia eman zaien agendatxoan. Tutoreek esango dizkien arauak eta eskubideak pausarik gabe mamurtuko dituzte, nahiz eta ordu erdi beranduago ahaztuko egingo zaizkien ,  tekno gela edo musika gela non egon litezkeen arduraturik.
Ausartago dabiltza bitarteko kurtsoetako gazteak, ezagunak ematen duen segurantzaz baliaturik.
Era berean, azken ikasturtea izango dute batxiler bigarren maila egingo duten ikasleek. Horientzat gogorragoa izango da hautaprobetako mamua hor baitago, nota eske, unibertsidaderako medikuntza, ingeniaritzan edo filologietan sartu nahi badute.
Ez dugu inor negarrez ikusi, eskoletako ume txikiei gertatzen zaien modura, amatxoren eskuetatik askatu ezikinik, eskolara ez dutela joan nahi errepikatuz; akaso aurpegi haserreren bat somatu daiteke, eguraldia hondartzan patxadoso egoteko aproposagoa delako.

Edozelan ere, ONGI ETORRI  denoi. Lasai hartu, ikasturteak luze joko baitu  larritzen hasteko.



3 comentarios:

  1. aupa txaramelaaaaaaaaaaaa segi horrela

    ResponderEliminar
  2. oso ondo dago bloga!!aupa txaramela!!!!

    ResponderEliminar