"Pertsona orok ahaztezinak diren
esperientziak gordetzen ditu bere barnean, urteak igaro arren askatzen ez diren
eta tinko errotuta jarraitzen duten horietakoak. Ni ez naiz salbuespena eta
horren kariaz, irribarre zabala marrazten da nire aurpegian udan Oviedon
bizitako momenturen bat gogora datorkidanean. 7 egun eman nituen bertan,
penintsulako beste 27 ikasle zoragarriekin. 1996an jaiotakoak guztiak, baina
norberaren atzean istorio interesgarriak zeramatzatenak eta, konfiantza irabazi
ahala, ezagutu nituenak.
Ia
erkidego guztietako ordezkariak bildu ginen han, gehienak Andaluziakoak eta
penintsularen hegoaldekoak. Valentzia, Leon, Sevilla, Cádiz, Malaga, Oviedo,
Palentzia… Betidanik izan dut Andaluzia gustuko, astea igaro ostean, ordea, are
gehiago (Oraindik ere “Illo” “Mi arma” “Pero eto que e lo que e” eta horrelako
esaldiak dauzkat gogoan). Izatez, Espainiako zonalde guztietako kulturak,
hizkerak, doinuak, esaerak eta abar ezagutzeko aukera izan nuen. Horrekin
batera, Kriminalistika ikastaro batez gozatu nuen (Horixe baitzen helburu
nagusia). Goizean zazpietan altxatu eta, gosaldu ostean, klaseak jasotzeko
ordua heltzen zen: Fisika, Kimika, Matematika eta Biologiaren ikuspuntutik,
hilketak aztertzeko hainbat teknika ikertu, aztertu eta ezagutu genituen, azkenengo
egunean erabili behar izan genituenak, erailketa arraro baten kasua ebazteko.
Gainera, nahiz eta hildakorik ez egon,
laginak eta frogak benetakoak ziren (ileak, txikleak, oinetako eta
atzamarretako aztarnak, kotxeetako matrikulen argazkiak…). Ordubete eman genuen
nire lankidea eta biok susmagarriak baztertzen eta hiltzailea aurkitzen,
lasterketaz, dedukzioz… beteriko 60 minutu. Kontzeptu horiek guztiak
gainerako lagunei azaldu behar izan genizkien azkenengo arratsaldean zehar,
28tik soilik 7k egiten baikenuen kriminalistika. Gainerakoek robotika, zelulen eta erliebearen azterketa egin zuten.
Arratsaldeetan,
aldiz, aisialdirako denbora edo irteerak geneuzkan. Igerilekua, gimnasioa,
kirol-zelaiak, egongela zabalak… erabili ez genuen arratsalde batean, adibidez,
albistegi bat prestatu genuen: berria aukeratu, bideoa prestatu, ahotsak
grabatu, antzeztu; barre algarak nonahi entzuten ziren.
Goiza
eta arratsa aipatu ostean, gaua besterik ez da falta. Behin lehiaketak edo
argudiaketak amaitu ondoren, hamabiak inguru zirelarik zaintzaileak lotara joan
eta gure eskura zegoen guztia egin genezakeen. Batzuk zelaian etzanda, beste
batzuk logeletan sakabanaturik (egunak joan ahala talde txikiak sortuz joan
ziren) hitz egiten edo musika entzuten goizaldeko bostak arte gehien jota bi
ordu geroxeago esnatu beharra geneukalako. Joku bat aipatzekotan, honako hau
azalduko dizuet: 28 izenak poltsa batean sartu eta bakoitzak bat hartu behar zuen. Ondoren, pertsona horrek musua ematen saiatu behar zuen; baina hori gertatzeko
bi baldintza zeuden: biak bakarrik egon behar zuten eta ezin zen kanpoan izan,
eraikinaren barruan baizik. Hortaz inork ez zuen bakarrik egon nahi, ezta une batean ere. Behin norbait musukatuta, bere papera hartu eta hurrengoarengana joan behar genuen.
Hainbat eta hainbat gauza gehiago egin nituen
bertan. Halere, zu zeu bertara joatea eta zeure istorio propioa
garatzea aproposena izango litzatekeela deritzot. Argi dagoena zera da, aukera
izatekotan sines iezadazu, eta bitan pentsatu barik, honelako kanpamentuetara joan
zaitez. Ez nuke exajeratuko esango banu Oviedok bizitza onerako aldatu didala, eta espero dut bertan topatutako pertsona askorekin daukadan harremana inoiz ere ez galtzea."
ADRIAN MENCIA
Batzuetan, nahiz eta sinestezina iruditu,
irakasleek klasean esaten dituztenen gauzen artean, bada
interesa duenik ere.
Nire kasuan Alexek (Alex Aginagalde matematikako
irakasleak) urte hasieran edo, komentatutako jarduera bat izan zen. “Campus
Científicos” delako programa baten berri eman zigun. Programaren helburua aste
bete giro multikultural eta zientifiko batean pasatzea zen, inbestigazio
proiektu bat egiteko. Aitatu zigunean, klasekideen aldetik ez zuen erantzun
handirik lortu. Klaseko biri soilik piztu zitzaigun interesa : Jon Gutierrez
eta niri.
www.campuscientificos.com orrialdean aurkituko duzue hautaproben, oinarrien eta inbestigazio proiektuei buruzko
informazio geihago. “Papeleoa” egin ondoren hautaprobak egin genituen.
Hilabete batzuk geroago Termibusen nengoen,
Bilbao-Madril ibilbidea egiteko, autobusaren zain, astebete etxetik kanpo pasatzeko
prest. Kampusak ia doanekoak dira, 85 euro besterik ez zen ordaindu beharrrekoa.
Hara gindoazen guztiak batu eta gero, Atochara eraman gintuzten, han beste askorekin batzeko asmoz, Plaza Castillan
zegoen erresidentziara abiatu baino lehen. Nire egoitzan 4 proiektu bideratuko
zuten jendea bildu ginen, guztira 27 edo, Avatares Virtuales, Tratamiento
Digital De La Voz, Biomedicina eta Aceleración De Iones.
Espainian dagoen “acelerador de iones”
bakarrarekin aritu ziren eta guk hura ere bisitatu genuen.
Astea labur-laburra egin zitzaidan; gainera, hasiera-hasieratik egin nituen lagun onak.
Izan ere, aste bakarra izanda, denbora aprobetxatu behar zela konturatu ginen guztiok.
Egunean zehar bakoitza bere proiektuan murgiltzen zen, taldeka; beranduago, jateko biltzen ginen. Ordu horretatik aurrera
arratsaldeak batera ematen genituen. Arratsaldero beste zenbait jarduera ere izaten
genuen, igerilekura joatea, adibidez. Baina gehienetan zientzia munduarekin
lotutakoak ziren. Nire kasuan grafenoa delako substantzia baten aurkikuntzak
izandako zientzialari ospetsu batekin aritu ginen, esaterako.
Egin ez genuen bakarra Madril turistikoki bisitatzea izan zen, eta
benetan geratu zitzaidan pena bakarra . Izan ere, han egon eta ezer ez ikustea
pena handia dela uste dut.
Asteko momenturik txarrena, etxerako buelta
izan zen. Izan ere, harrigarria da aste batean zenbateraino estutu daitezkeen pertsonekiko harremanak, eta zenbat kostatzen den agur esatea. Gaur egun, whatsappeko taldean
jarraitzen dugu harremanetan guztiok gure kontuez hitz egiten.
Espainiako leku guztietako pertsonak joaten
direnez, oro har, zaila izaten da berriro elkar ikustea. Baina nik, berriz, egin nituen
lagunetako bi ikusi ditut jada: bata Bilbon, bidaian ari zen bat. Eta bestea, haren etxean udan aste bat eman nuelako, berak
gonbidatuta. Beraz, lagun minak irabazi ditut mila aldiz errepikatuko nukeen
esperientzia sinesgarri horretatik.
Edonor animatzen dut horrelakoetara joaten. Eta benetan dinotsuet oso baliogarria dela zientziez ikasteko ez ezik, giza esperientzia gisa ere.
Zer galdera edo zalantza izan, lanerako edo pertsonala bada ere, prest nago ahal dudan heinean erantzuten.
Jon Gutierrez eta Adrian Mencia (Batxiler 2ko ikasleak)
No hay comentarios:
Publicar un comentario