Urtarrila joan zaigu, ia-ia enteratu gabe; otsailean hasiaz batera santutegiko bi izen datozkigu gogora: San Blas eta Santa Ageda.
San Blas eguna otsailaren 3an izaten da, Kandelariaren ondorengo eguna. Gure artean, gaur egun ia desagertzear badago ere, oraindik kristautasunari loturiko festa eta tradizioak bizirik dirau. Nork ez dio Bilboko San Nikolas elizaren inguruan dauden saltzaileetako bati inoiz edo behin saman jartzeko kordoien bat erosi? Nork ez ditu zuriz estaliriko erroskilak edo San Blas opila jan? Seguruenik bedeinkatutakoak izango dira urte osorako eztarriko minik ager ez dakigun. Edo, nor ez da Abadinotik agertu hain egun seinalatuan?
Baina, badakizue nor izan zen San Blas santua? Hona hemen sarean nabigatuz aurkitu duguna:
bergarakoeuskara.net |
"Eztarriko gaixotasunen eta laringologoen patroia aberatsa eta noblea zen familia batean jaio zen. Kristaua izanik, gazterik apezpiku izendatu zuten Armeniako Sebaste herrian. Medikua ere izan zen. Jaungoikoaren deiari kasu eginik, Argeus mendira erretiratu zen ermitaño bizitza eramatekotan, hara inguratzen zitzaizkion piztiekin batera biziz eta gaixo zihoazei osatzen lagunduz.
San Blas ezaguna zen osatzeko gaitasun mirakulutsua izateagatik. Behin, arrain hezur batez itotzear zegoen mutiko bati lagundu zion. Pasadizo horretatik dator eztarriak egun seinalatu honetan bedeinkatzearena. Agrikola izeneko Kapadoziako gorbenadorearen persekuzio garaiak ziren haietan, jokoak egiteko animalia faltan zeudela eta, Argeusko basoan aurkituko zituztelakoan, San Blas kristauaz, koba barruan errezoan ari zela, egin zuten topo, koba aurrea animalia eta piztiaz inguraturik zuela. Preso eramanda, Agrikola gobernadorea kristau fedeari uko egin ziezaion alferrik aritu ondoren, laku baten uretara bota zuen ito zedin, baina santuak ur gainean zutik egotea lortu zuen. Atzetik segika zituenak berak egiten zuena egitera gonbidatu zituen, haien jainkoen boterea proba zezaten; itotzea besterik ez zuten lortu. Hala ere, lurreratzean, santua berriz preso hartu ondoren torturatu eta gero burua moztu zioten.
Santa Ageda: Urtero bezala, otsailaren 5ean, gure herri guztietan Santa Ageda eguna ospatzen dugu. Nahiz eta Euskal Herrian XIV. mendean Santa Agedarenganako debozioa hasi, istorio zahar batean dauka jatorria.
"Hirugarren mendean, Siziliako praetor bat, Quintianus deitzen zena, Ageda izeneko neska gazte batekin maitemindu zen. Baina neska kristaua zen eta ez zion kristautasunari uko egin nahi. Orduan, Quintianusek bere onetik aterata, Santa Ageda torturatu egin zuen, eta bularrak moztu zizkion."
Harrezkero, herri tradizioan, bularreko gaitzen eta, orokorrean, emukumezkoen gaitzen babesle gisa agertzen da gehien bat. Santiago bidetik etorri zen jendeak ekarri zuen, XIV. mendean, Santa Agedarenganako debozioa Euskal Herrira. Jai honetako gauzarik bereziena koplak eta bertsoak dira. Arratiako haranean hasi baziren ere, gaur egun herri guztietan ospatzen da. Abestien testuak aldatzen dira, baina beti Santa Agedaren bizitzari buruz hitz egiten dute. Eskeko klopak, ordea, leku guztietan berdinak izaten dira.
Agate Deunaren abestia
Aintzaldun daigun agate deuna
Bihar da, ba, deun agate
Etxe honetan zorion hutsa
Betiko euko al dabe.
Zeru goi-goian eder izarra
Errekaldean lizarra
Etxe hontako nagusi jaunak
Urregorrizko bizarra.
Santa Ageda bezpera dogu
Euskal Herriko eguna
Etxe guztiak kantuz pozteko
Aukeratua doguna.
Etxeko andre bihotz zabala
Toki honeko alaba
Eskean gatoz ondo jakinik
Esku zabala zareala.
(www.urbibasauri.org-etik hartuta)
Bezpera izaten da , otsailak 4, koplak kantatzen etxez etxe ibiltzeko eguna. Gaur egun eskoletako umeak, abesbatzak eta beste hainbat elkartekoak ari diren arren, tradizioz kintoak, soldaduskara joateko ziren gazteak, ziren abesten zutenak bruxa soinean eta makila eskuetan.
Arrigorriagan zelan kantatzen den ikus dezazuen, youtuben Joseba izeneko batek hartutako bideotxoa utziko dizuet. Eskerrik asko, Joseba!!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario