domingo, 27 de octubre de 2013

IRRATSAIO GEHIAGO

Hona hemen ikasleek prestatu duten beste saio bat gehiago. Gaurkoan 1DBHkoei jasotako mezuen berri emango dizuete Martak eta Aitorrek. Bageneukan beste saiotxo bat joan den asteko ikasleen urtebetetzeak gogoratzeko, baina uste dugu sareko lainoan galdu egin zaizkigula!!! Ea hurrengorako errekuperatzen ditugun, nahiz eta berandu samar izan urteak bete zituztenei zorionak emateko. Barkatzen jakingo duzuelakoan..., Eta horretarako musika eta musikagile berrien lanen oparia ekartzea pentsatu dugu. Ea gustuko duzuen sarean aurkitu ditugun hurrengoak, stream eran entzun daitezkeen soul musikako adierazpenak dituzue. EGIN ZUEN ESKAERAK, UTZI MEZUTXOAK ZER NAHI DUZUEN ENTZUN ESATEKO, ETA GUK AHAL DUGUN NEURRIAN ESKARIAK BETEKO DIZKIZUEGU :prentsa@arrigorriagabhi.net

jueves, 24 de octubre de 2013

GURE IKT ARDURADUNA JUAN CARLOS GUERRARI, SARI UGARI

Juan Carlos Guerra, institutuko IKT arduraduna, denok dakigunez, hamaika saltsatan sartuta ibili ohi da, batez ere hezkuntza eta teknologia  mundua uztartzen dituenetan. Ez gaitu harritzen, bada, oraingoan SIMO NETWORK-ek Madrilgo IFEMAn antolatutako jardunaldietako irabazlea berau izateak, ez horixe!




Izan ere, orain dela bi urte sortu zuen "En la nube TIC" izeneko lankidetza proiektuan hezkuntza eta teknologiari buruzko gaiak plazaratzen ditu, arlo horretako web orri irakurrienetakoa izanik. Eta, lan eskerga horregatik SIMO EDUCACION erakundeak lankidetza proiektu onenaren saria eman dio("Premio al mejor proyecto colaborativo y cooperativo")

Zorionak, Juan Car!!!

Ondorioz, irratian elkarrizketa egin ziotenez, hona dakarzkizuegu hartan esandakoak.

lunes, 21 de octubre de 2013

TROKAN, LAGUNEN ARTEAN

Aurten ere, aspaldiko partez gure institutuan egiten izan dugun modura, 1DBHko ikasleak Gorlizko Troka izeneko aterpetxean bildu dira iraileko azken asteko eta urriko leheneko asteko zenbait egunetan. Irteerek bi eguneko iraupena izan dute. Han, ekitaldi eta jardueretan gogotsu parte hartu dute ikasle jatorrek ondoko bideoan ikusiko duzuenez. Ea halako egitasmoek elkar ezagutzen ez duten ikasleen arteko harreman sendorik dakarten!!! 

domingo, 20 de octubre de 2013

AGENDA 21-AURTEN ERE KONPOSTAREN ALDE


AZTARNA EKOLOGIKOA

DBHko geletan aztarna ekologikoa aztertzen ari gara. Gure aztarna ekologikoak  zenbat lur emankor erabiltzen dugun adierazten digu.


Bizimodu jasangarria izango bagenu, gutako bakoitzak 1,8 ha lur emankor erabiliko genuke; bi futbol zelai, gutxi gorabehera.  Baina, zoritxarrez, asko eta azkar kontsumitzen dugu. Bizkaian, batez beste, 4,66 ha erabili behar dugu pertsonako, lau futbol zelai baino gehiago!!!! 


Gure artean ere, gehiegi ari gara lurra zigortzen. DBHko ikasleak Bizkaiko bataz bestea baino apur bat beherago dabiltza, baina ez asko. Gure erritmoa mantenduz gero, bi lur planeta beharko ditugu!



Horrela ezin dugu jarraitu; saia gaitezen, bada, zentzuz jokatzen, eta kontsumitu dezagun gutxiago!!




jueves, 17 de octubre de 2013

BERRI-BERRIAK IRRATIKO ASTEKO SAIOAK

-ASMAKIZUNEKIN HASIKO GARA -ASMAKIZUN HORIEN ERANTZUNAK -ERREZETAK. BIZKOTXOA GUREKIN EGIN NAHI? -ELKARRIZKETAK: Joao Gomes-i elkarrizketa -HOROSKOPOA -URTEBETETZEAK -EGURALDIA: URRIAREN 14TIK 20RA BITARTEKOA

martes, 15 de octubre de 2013

AGENDA 21-AURTEN ERE KONPOSTAREN ALDE



AURTEN ERE, KONPOSTAREN ALDE!

Dakizuenez, aurten ere ekin diogu konposta lortzeko lanari. Helburu hori buruan, Zientzia mintegikoek jantokiko fruta-azalen bilketa antolatu dute; hemen duzue haien blogean ikusgai:
Baina, bada gehiago ere. Gero eta zabor gutxiago sortzeko asmoz, bi konpostagai berri ditugu. Alde batetik, kafe hondarrak. Irakasleen kafe makinak poltsa bete kafe hondar uzten du hamabostero. Hondar horiek lehengai ezin hobeak dira konposta lortzeko. Bestetik, eskuzapi zuriak ere hasi gara konpostatzen, materia hezearen eta lehorraren arteko oreka mantentzen laguntzen baitute. Horrela, gutxiago kutsatu eta gehiago konpostatuko dugu.
Horretaz gain, beste berri batzuk ere baditugu gai honen inguruan: konposta haizatzeko eta iraultzeko hagatxoa erosi dugu. Hona:


Eta, gainera, gela egonkorreko ikasleek kartulina eder hau egin digute, txoko berdean jartzeko:


Eskerrik asko denoi, lan ederra egiten ari zarete eta!

jueves, 10 de octubre de 2013

BERRI-BERRIAK IRRATIKO ASTE HONETAKO SAIOTXOAK

TXISTEAK  URRIKO BIGARREN ASTEKO URTEBETETZEAK IRITZIAK- IKASLEEK PISU GEHIEGI BIZKARREAN!

FERNANDO BARREDO IRAKASLEA HOBETO EZAGUTZEN

 

Ikasleak zurekin ondo portatzen dira?
Nire ustez, bai. Dena den, normalean portaerarena elkarrekikoa izaten da; hau da, ni beraiekin ondo portatzen banaiz ikasleak ere nirekin ondo portatuko dira orokorrean.
Txikitatik nahi  zenuen irakaslea izan? Horrela ez bada zer izan nahi zenuen? eta zergatik amaitu duzu irakaslea izaten?
Txikitan beste interes batzuk izaten nituen (jan, jolastu…) eta batez ere Athletic taldeko futbolaria izan nahi nuen. Baina Bilboko Errekalde auzoko institutuan ikasten nengoenean irakurtzea asko gustatzen zitzaidan, eta klaseak ematen oso originala zen Literatura irakasle bat neukan. Horrela hasi zen dena.
Beste institutu batera joateko aukera izango bazenu aldatuko zinateke? zergatik?
Ez, ez nintzateke aldatuko; ezta pentsatu ere. Beste institutu asko ezagutzen ditut, baina hemen bezain ondo eta gustura ez naiz inon egon.
Zenbat urte daramatzazu irakasle lanetan? Eta institutu honetan? Zein beste institututan  egon zara lanean?
Irakasle moduan 23 urte daramatzat gutxi gorabehera. Hemen 5 urte baino gehiago daramatzat; hau nire seigarren ikasturtea da.
Beste institutu askotan egon naiz, adibidez Balmasedan, Bermeon, Arratzun, Derion, Erandion, Basauriko Bidebietan eta Bilboko Gabriel Arestin, Zurbaranbarriko Ignacio Ellacurian, Atxurin...

Beste ikasgairen bat eman duzu? Zergatik duzu gustuko gaztelania?
Behin baino gehiagotan Latina, Musika, Etika, Etorkinentzako Gaztelania eta Euskara eman ditut.
Gaztelania nire ama-hizkuntza da eta, lehenago esan dudanez, irakurtzea asko gustatzen zait. Horrexegatik daukat gustuko gaztelania.
Lan gogorra da?
Lana gustatzen bazaizu, ez da hain gogorra. Hala ere, nire ustez, komentarioak eta azterketak zuzentzea da gogorrena.

Txikia zinenean zein eskolatan ikasi zenuen? eta unibertsitatean? non ikasi zenuen euskeraz hitz egiten?
Txikitan Leioako Askartza Ikastetxean ikasi nuen. Gero Bilboko Errekalde auzoko Institutura joan nintzen, eta handik Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatera, “Filología Románica” ikastera.
Bestalde, Bilboko Juan Mateo Zabala eta Ulibarri euskaltegietan ikasi nuen euskaraz hitz egiten, baita nire emaztegaiari esker ere (bera Zornotzakoa eta euskaldun zaharra da).
Noizbait ikasleren bat begiko izan duzu? eta begitan hartu?
Bai, noizbait ikasle bati pilota konfiskatu egin diot. Je je. Txantxak alde batera utzita, normala da ikasle batzuekin beste batzuekin baino “feeling” handioagoa izatea, baina saiatu behar dugu horrek gure zuzenketetan eta erabakietan eraginik ez izaten.
Gustatzen zaizu zuri pelota egitea? Zergatik?
Niri benetan gustatzen zaidana ikasleak, eta jendea orokorrean, zintzoak izatea da. Ez zait gustatzen hipokrisia edo itxurakeria.
Kontatuko diguzu irakasle moduan gertatu zaizun pasadizo barregarriren bat?
Egia esan,  ez dut uste behin batean Balmasedako Institutuan gertatutakoa barregarria izan zenik (penagarria bai), baina kontatuko dut. Azterketa batean izan zen. Ikasle bati hasieratik nabaritzen zitzaion oso urduri zegoela. Denboraren erdia pasata, ikaslea altxatu zen eta beste orri bat eskatzen hurbildu zitzaidanean,  ez zen konturatu, edo ahaztu zitzaion, luzatzen zidan eskuan (ahurrean hain zuzen ere) txuleta galanta idatzita zeukala.

Orain zuk dituzun gustuko galderak egingo dizkizugu:
Zer nahiago duzu pelikulak ikustea edo liburuak irakurtzea? zein da zure gustukoen filma? eta gehien gustatzen zaizun liburua? Kirola egitea atsegin duzu?Zein?
Biak gustatzen zaizkit, pelikulak eta liburuak. Beharbada nahiago dut liburuak irakurtzea. Pelikula asko dira nire gustukoenak, adibidez “L. A. Confidential”;baina azkenetarikoetan “Cruce de caminos” asko gustatu zait. Nire gustukoen liburua aukeratzea zailagoa da. Idazle bat aukeratuko dut: Paul Auster.
Kirola egitea ere oso atsegin dut: tenisa, korrika eta, batez ere, areto futbola (“fútbol sala”).
Dena den, nire zaletasun handiena -nahiz eta horretaz ez galdetu- musika entzutea da.

Futbola gustatzen zaizu? Praktikatzea ala telebistatik ikustea? Zein da zure futbol talderik gustukoena eta txikitan zenuen gustukoa?
Bai, futbola gustatzen zait, eta nahiago du pratikatzea telebistan ikustea baino. Larunbatero areto futbola praktikatzen dut. Nire taldea Athletic-a izan da betidanik; ez ahaztu bilbotar hutsa naizela.
Eskerrik asko gure galdereei erantzuteagatik, hurrengora arte.
Ez horregatik, oso elkarrizketa atsegina izan da. ¡Klasean ikusiko dugu elkar!

martes, 8 de octubre de 2013

JON ARANDIA JUBILATU ZAIGU

Hainbat lanetan aritu ondoren, hemezortzi urtean gurekin institutuan egon den Jon Arandiak  erretiratzea, atseden hartzea, erabaki du. Hala, goitik behera moldatu beharko du bizitza, zeregin berriak aurkitu beharko ditu,. ikasleen hutsunea somatzen hasten bada behintzat; bestela, ondoko bideoan, berak esaten digunez, ortuan aritzeak eta paseoan ibiltzeak ere lagun diezaioke. Edozelan ere, majo-majo etorri zitzaigun lehengoan gure prentsako ikasleek elkarrizketan egingo zizkioten galderei erantzuteko prest.
Ondo ibili, Jon!!!

martes, 1 de octubre de 2013

Txan-txan!!!! Badator "BERRI-BERRIAK" izeneko IRRATIA

Hemen daukagu, jada, gure 2 DBHko Irratiko ikasleak nahi zutena. Oraindik dauzkagun eragozpenak handiak dira, infraestrukturen aldetik zein lana eratzeko aldetik; zer esanik ez, daukagun tresneria ez dela oso aproposa. Hala ere,  gu ere Larramendiren antzera, ezinak gainditzeko gogo itzelaz ari gara lanean. Egia esan, kazetaritza lanetan ezer gutxi dakigun arren, ekina txarra denez, ekinez ezina gaindituko dugu.
Ondorengoa da Aitanak eta Ikerrek beste 2.eneko saskibaloian jolasten duen kide bati egin zioten elkarrizketa....Bai...badakigu!... sintonia... musika, eta hainbat gauza falta ditu...Apurka-apurka, bidea luzea da eta!!!
Adi eta erne ibili, hamaika eratako saiotxo laburrak egingo baitituzte bigarren mailako Berri-Berriak irratiko ikasleek: horoskopoa, eguraldia astez aste, noren urtebetetzeak diren aste horretan zorionak opatzeko, institutuko neska-mutilen arteko txaskarrilo eta esamesak, mezuak, inkesten berri, eta beste abar luze bat, baita sukaldaritzan hasberriak zaretenontzako errezeta errezak. 
Ez kokildu eta utzi zuen mezuak, iradokizunak eta nahi duzuena gure prentsako helbidean: prentsa@arrigorriagabhi.net. Zain izango gaituzue!!!!